Otsailaren 20an izango da Zumaian 'Kutsidazu bidea Ixabel' musikala

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 9a, 11:00

Zumaian abenduaren 29an egin behar zen ikuskizuna bertan behera geratu zen COVID-19a zela eta. Orain data berria hitzartu dute: otsailaren 20a, Zumaienan. Sarrerak urtarrilaren 29tik izango dira salgai. 

2021ean Musika Ikuskizun Onenaren MAX saria lortu zuen Kutsidazu bidea Ixabel musikala ikusteko aukera izango da Zumaian otsailaren 20an, 19:00etatik aurrera, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Ikuskizun hau 2021. urte amaierarako zegoen iragarrita, baina konpainian izandako COVID-19 kasu positibo batek bertan behera utzi zuen hitzordua. 

Data berrirako sarrerak urtarrilaren 29an jarriko dira salgai, turismo buegoan zein www.entradium.com atarian. Abenduaren 29rako sarrerak erosi zituenak eta otsaileko emanaldira joateko aukerarik izango ez duenak sarrerak itzul ditzake Turismo bulegoan, beti ere urtarrilaren 28ko epearekin.

Sinopsia

90 minutuko komedia musikal honetan, Juan Martín gazte donostiarra mendi puntan galdutako baserri batera joango da uda igarotzera, bere euskara maila hobetzea helburu hartuta. Han dagoela, abestien artean egiaztatuko du baserrian bizi direnek darabilten euskarak ez duela zerikusirik gelan ikasi duenarekin. Baserriko familia aitak, alaba gazteak eta amonak osatzen dute. Ikuskizunean ikusiko dugun bezala, Juan Martínek bi auziri egin beharko die aurre: batetik, hizkuntza-arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alaba erakargarriak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio, eta inguruak ere zur eta lur utziko du musikaren bidez komunikatuko baita harekin: zuhaitzak rap doinuan, sagarrak “a kupela” abesten eta behiak dantzan.