Dantzaz eta abestiz jantzitako kondaira, bihar Aita Marin

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 8a, 09:00

Perez sagutxoaren kondaira antzezlan bihurtu du Glu Glu konpainiak. 3 urtetik gorako haurrei zuzendutako lan hau ikusteko aukera izango da bihar Aita Mari aretoan. Bi saio izango dira, eguerdian eta arratsaldean bana. 

Glu Glu-k Perez sagutxoaren "benetako istorioa" taularatuko du. Kondaira honek muga, belaunaldi, amets eta burko guztiak gainditu ditu urteetan zehar. Ipuin klasiko moduan, komedia lehenetsiz, beti ere dantzekin eta abestiekin jolastuz, alegiazko istorio hau kontatuko dute konpainiako kideek. Istorioaren erdigunean zaintza izango da; pertsona ahulenen zainketak hain zuen ere, hala nola etxeko zaharrenak edota haurrak.

Kaxildatar saguen komunitatea, asmatzaile ospetsuak, pertsonen etxe berri batean kokatuko dira. Etxe berrira iristean, Xuri, bere bi amekin bizi den haurrak, oso harreman estua izango du Perezekin, saguetan gazteenarekin. Bien arteko adiskidetasuna haurraren burkoaren azpiko ohar eta karta trukaketa bitxi batekin hasiko da. Xuri gauero iluntasunaren beldur denez Perez sagutxoa izango da bere ametsen zaindaria.

Bi saio izango dira bihar Aita Marin: 12:30ean lehena, eta 16:30ean bigarrena. Emanaldietarako sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 4 euroan.