'Kantu bat gara' diskoa aurkeztuko du gaur Jon Maiak

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 7a, 10:34
Jon Maia Joseba eta Mikel Aizpuruarekin, AGE. Argazkia: @maia_jon

'Kantu bat gara' diskoa aurkeztuko du Jon Maiak gaur. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrerak oraindik salgai daude turismo bulegoan.

Bertsolaria, zinemagilea, idazlea, baita kantuen hitzen egilea ere. Arlo honetan azken hiru hamarkadan egindako lana laburbildu du Jon Maiak Kantu bat gara izeneko diskoan. Beste talde edo bakarlarientzako egindako abestiak bere horretan jaso baino –Negu Gorriak, Benito Lertxundi, SA, Gozategi, Mikel Urdangarin edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzako letrak idatzi ditu, besteak beste–, jantzi berriekin apaindu ditu aski ezagunak diren kantu hauek.

Liburu-disko formatuan argitaratua, 2021. urte amaieran plazaratu zuen, Durangoko Azokaren atarian, eta zuzenekora eramatea izan da hurrengo pausoa. Estraineko kontzertua, berez, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eman behar zuen abenduaren 29an, baina emanaldia bertan behera geratu zen, pandemia dela eta, aforuen murrizketa dekretatu ondoren –otsailaren 2an eta 3an aurkeztu ahal izango du Maiak diskoa Donostian–. Hala, atzo Bilboko Arriaga antzokian emandako kontzertua izan den aurkezpen birako lehena, eta gaur Zumaiena aretoan egingo dena izango da bigarrena.  

Goi mailako musikariez inguratuta egongo da Maia kontzertu hauetan: Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Soto izango ditu abeslariak alboan. Gonbidatu bereziak ere izango dira emanaldi hauetan eta, adibidez, Zumaian ere hala izango da. 

Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak oraindik salgai daude Zumaiako turismo bulegoan, 8 euroan; 6 euroan gazte txartelarekin.