Jabetze eskolarako izen-ematea zabaldu du Emakumeon* Etxeak

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 8a, 11:00

Urtarriletik ekainera bitarteko ekintzak eta asmoak iragarri ditu Emakumeon* Etxeak. Horrez gain, Jabetze eskolarako izen-ematea ere zabaldu du.

Zumaiako Emakumeon* Etxeak 2022. urte honetako lehen seihilabeteko egitaraua prestatu du. Jabetze eskolak, tailerrak, elkarguneak edota aholkularitza zerbitzua eskainiko dira urtarrila eta ekaina bitartean. Hori guztia liburuxka batean bildu dute eta datorren astean banatuko dute postontzietan. 

02 Zee Eskuorria Web by baleike on Scribd

Urtearekin hasteko, jabetze eskolaren izen-emate epea zabaldu du Emakumeon* Etxeak. Jabetze Eskolaren helburua emakumeen jabetze eta ahalduntze prozesuan eragitea dela iragarri dute antolatzaileek, "hainbat tailer eta ikastaroren bidez. Geure burua eta ingurua ikuspegi feministatik aztertuko ditugu bertan, eta aldaketa pertsonal eta kolektiboak egiteko tresnak eskuratuko ditugu".

Atzo zabalduko zuten eskola honetarako izen-ematea. Posta elektroniko bidez eman daitezke izenak, info@emakumeonetxea.eus helbidean; telefonoz edo WhatsApp bidez, 633 43 27 62 zenbakian; edo Emakumeon* Etxera gerturatuta.