Goiz Eder Iturain: “Pertsona gehienok ditugu halako kontraesanak”

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 6a, 19:00

Interpretazioa du pasio Goiz Eder Iturainek, baina ongi ezagutzen du antzezlan baten atzean, tauletatik at, dagoen lan guztia ere. Antzerkirako gidoi andana idatzi du azken urteotan. Udazkenean, Gasteizen antolatzen den Carlos Perez Uralde irrati-antzerki lehiaketa irabazi zuen.

Carlos Perez Uralde irrati eta antzerki lehiaketan saria eman zizuten udazkenean.

Mugikorra begiratu eta mezu pila bat nituen. Posta elektronikoz mezu bat ere bidali zidaten, pozez zoratzen jaso nuen berria.

Lehendik ezagutzen zenuen sariketa?

Bai, ezagutzen nuen. Bi urtean behin egiten da lehiaketa, eta duela bi urte nik lana egin izan dudan aizarnazabaldar bati, Mikel Aiertzari, eman zioten saria.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Nire aitarekin bazkari batean izan nuen elkarrizketa batetik sortu zen ideia. Horri tiraka zerbait atera nezakeela pentsatu nuen. Antzerkirako gidoi bat idazten hasi nintzen, eta Carlos Perez Uralde sariketaren deialdiaren berri izan nuen.

Antzerkirako beharrean, irratirako idatzi nezakeela otu zitzaidan. Guztiz ezberdina da. Baina sortzea gustatzen zait, eta plazer bat izan da era honetan egitea. Soinuen bidez, hitzen bidez, musika… deskubrimendu itzela izan da.

Orain arte idatzi dituzun gidoien aldean, zer du ezberdina?

Antzerkian gorputza dago, adierazmena, espresioa… Gorputzarekin pila bat esaten da. Irratian ez dago ez gorputzik ez imajinarik; dena da zarata eta ahotsa.

Gakoa da hori guztia nola plazaratu idazterako orduan. Etengabe galdetzen diozu zure buruari: “Eta hau nola adieraziko dut?”. Gainontzean, oso polita da.

Pertsonaia nagusiaren pentsamendua ere adierazi nahi izan dut. Autodidakta izan da prozesua.

Eta nola adierazi barruko ahots hori?

Idazterako orduan, hasiera batean, ahots horri beste kolore bat eman nion. Irratian, ahots berari beste tonu bat emango zietela pentsatu nuen.

Sariari esker, obra gauzatzeko aukera izan duzu. Nolakoa izan da prozesu hori?

Prozesu horretan nik ez dut parte hartu. Gidoia eman nien, eta beraiek dituzte orain lan horren eskubideak. Gasteizko aktoreekin egiten dute lana, eta gero, Juan Kruz Gurrutxagak ere parte hartzen du.

Dena eginda zegoen arte ez dut entzun ere egin.

Zuk idatzitako gidoiarekin bat dator azken emaitza hori?

Bai, oso ondo dago. Abesti bat ere sartu nuen, Seiurte eta Morgan taldeek elkarrekin egindakoa. Ez nekien egile eskubideengatik-eta sartzerik izango zuten, baina bai, sartu dute.

Ezkontzaren katramila aldaketa bat behar dutela eta, ezkontzea erabakitzen duen bikote baten bizipenetan ardazten da. Zer katramila garatzen da kontakizunean?

Ezkontzea erabakitzen du protagonistak, emakumeak, bere bikoteak erabaki horretan ez baitu zer esanik. Protagonistak, ile apaindegian aldizkari bat irakurtzen ari dela, ezkontza hitza entzuten du etengabe. Bere buruari galdetzen dio ea bera zergatik ez den ezkonduko.

Errutinari aldaketa bat eman diezaiokeela iruditzen zaio. Hala ere, inoiz egin nahi izan ez duen gauza bat da. Aspaldiko lagun batzuekin elkartzen da, eta jabetzen da lehen zuten pentsatzeko modua eta oraingoa oso ezberdinak direla. Teresa izeneko lagun batekin elkartuko da ondoren, eta horren bueltan beste istorio bat sortuko da.

Inor identifikatuta sentituko al da?

Gauza txikiekin bai. Pertsona gehienok ditugu halako kontraesanak.

Gidoiak idazten eta taula gainean, bi zeregin horietan aritu zara antzerkiaren munduan. Zer duzu nahiago?

Oso ezberdina da. Taula gainean aspaldian ezer egin gabe nengoen, eta aurten Esti Curielekin Bete ingoiau antzezteko zortea izan dut. Entseguetan idazteaz gogoratzen nintzen, erosoagoa delako eta inork ikusi gabe patxadan egin dezakezulako. Baina egia da taula gainean sentitzen duzuna ederra dela.

Eta orain, zeri helduko diozu?

Bergarako Idazle Eskolan ikasten ari naiz. Bigarren urtea da, eta kurtso amaierako lanari heldu behar diot. Poesiarekin ari gara orain. Inoiz ukitu ez dudan diziplina bat da, eta horretan ari naiz.

Hala ere, nere kurtso amaierako lana ez da poesia izango. Badaukat istorio bat buruan.

Sortzea eta ikastea gustatzen zait. “Hau badakit, ba ea hau zer den!”, pentsatzen dut.