Errege Magoek ilusioa eta kolorea ekarri dituzte Zumaiako kaleetara

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 5a, 20:55

COVID-19a ez da gai izan herritarren ilusioa zapuzteko. Egoerara egokituta izan bada ere, Errege Magoek desfilea egin dute gaur arratsaldean Zumaiako kaleetan zehar. 

Segurtasun neurriak direla eta, gaurkoan ez da gozokirik izan, Erregeek ezin izan dute haur zein helduengana hurreratu, eta ez da gurtzerik izan Beheko plazan. Hala ere, desfile koloretsua egin dute herrian zehar. 

Azken urteotan bezala, itsasontziz heldu dira Zumaiara. Behin lehorrean, karrozetara igo dira, eta desfileari ekin diote: poligonoetan lehenbizi, eta Txomin Agirre kaitik eta Erribera kaletik ondoren. Etorritako bidetik utzi dute Zumaia, baina herrian igarotako denboran txikiei, eta heldu askori, irribarre bat jarri diote ahoetan.