Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins Franco: "Emakume profesionalik ez dago zesta puntan; orduan, gizonei begiratu behar diegu nahitaez"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urt. 5a, 15:00

Pilota Elkartearekin zesta puntan jokatzen duten emakumezko bakarrak dira Maite Ortiz de Mendibil (Gasteiz, 2005) eta Frida Watkins Franco (Zumaia, 2008). Lehenak izan dira, eta, beraz, aurrekaria jarri dute. Horretaz jardun dugu bi pilotariekin Aitzuri frontoian hitzordua jarrita.

Zerk animatu zintuzten zesta puntan hastera?

FW: Gure osaba Iñaki ikusita animatu nintzen ni. Kirola gustatu zitzaidan eta probatzea erabaki nuen. Hasierako entrenamenduetan kosta egin zitzaidan xisterarekin moldatzea; pixkanaka ohitu nintzen, ordea, eta gustua hartu nion.

MO: Ni nebak eraginda, hura jokatzen ikusita zaletu nintzen.

Biak oso gazteak zarete, urte gutxi daramatzazue lehian, baina zuk, Maite, dagoeneko irabazi dituzu Munduko eta Europako txapelketak bikoteka 23 urtez azpikoetan. Zer nolako esperientziak izan dira?

MO: Oso bereziak. Gaztela eta Leonen jokatu ditugu bi txapelketak, Iscarreko eta Valleladoko frontoietan, eta esperientzia polita izan da. Normalean arerio berdintsuen aurka aritzen gara beti, Gipuzkoa mailan batik bat, eta jende berriaren aurka aritzea eskertzen da. Europako txapelketan, Frantziako selekzioarekin aritzen diren Ipar Euskal Herriko pilotarien aurka aritu ginen eta Mundukoan Mexikokoak ere baziren.

FW: Nik oraindik ez dut horrelako txapelketarik jokatzeko aukerarik izan nire adinari dagokion mailarengatik oraindik ezin dudalako. Datorren urtean izango dut Espainia mailan jokatzeko aukera eta oso gogotsu nago.

Zuek zarete taldeko emakume puntista bakarrak. Zu Maite, Gasteiztik etortzen zara, gainera. Nola amaitu du gasteiztar batek Zumaiako talde batean?

MO: Gasteizko klubean hasi nintzen, baina lurralde osoko talde bakarra denez, ez nuen noren aurka jokatu. Gipuzkoan daude talde gehien eta horregatik erabaki nuen hona etortzea, lehendabizi Hondarribiko taldean aritu nintzen, gero Donostian eta azkenik Zumaian. Hemen daramat denbora gehien.

Zu Frida, Zumaiako emakume puntista bakarra zara...

FW: Bai, eta izena eman zuen lehena. Maite etortzeak asko poztu ninduen bakarra izateari utzi niolako. 

Zumaia goi mailako puntista ugari eman dituen herria da, guztiak gizonak, hori bai. Baduzue emakume erreferenterik? 

MO: Emakume profesionalik ez dago zesta puntan; orduan, gizonei begiratu behar diegu nahitaez.

FW: Nire kasuan ere berdin, gainera familiakoak ditut erreferente horietako batzuk. Beraiek bezala, profesional izatera heldu nahiko nuke. Uste dut kirolari gazte ororen ametsa dela hori, gustuko duen kiroleko profesional izatera iristea.

Zesta punta da praktikatzen duzuen kirol bakarra?
FW: Ez. Ni futbolean ere aritzen naiz. Biak ditut oso gustuko eta uztartu ditzakedan bitartean, egiten jarraituko dut, baina badakit iritsiko zaidala bat ala bestea aukeratu beharra.

MO: Nik ere jokatzen nuen futbolean lehen, baina orain zesta puntan baino ez. Astean bitan Zumaiara entrenatzera etorri behar izateak futbolean jarraitzea eragozten dit. Ordubeteko entrenamendua egiteko 2 ordu egiten ditut autoan. Amak edo izekok ekartzen naute.