Inauterietako kartel lehiaketan lanak aurkez daitezke dagoeneko

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 4a, 09:00

Gabonak amaitu ez badira ere, Inauteriei begira jarri da dagoeneko Zumaiako Udaleko Kultura Saila. Herritar batek sortutako kartelak iragarriko ditu aurten ere Inauteriak, eta afixa hautatzeko, lehiaketa antolatu dute beste urte batez.

Zumaiako 2022ko Inauteriak iragartzeko kartela hautatzeko, kartel lehiaketa antolatu du beste behin ere Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Zumaiarrei zuzendutako lehiaketa da, eta parte hartzaile bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere. 

Paperean eta formatu digitalean, bi modutara aurkeztu beharko dira kartelak, A3 neurrian, eta Zumaiako Inauteriak 2022 testua agertu beharko da nahitaez. Egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean eraman beharko dira. Otsailaren 4a bitarte, Alondegian jasoko dituzte lanak.

Gero, otsailaren 11tik 28ra, Alondegian bertan ikusgai jarriko dituzte aurkeztutako kartelak. Festa Batzordeak osatutako epaimahaiak bi sari banatuko ditu. Kartel irabazleak Inauterietako festa egitaraua iragarriko du, eta 300 euroko ordainsaria jasoko du egileak. Herritarren saria, berriz, erakusketan jasotzen diren botoen bitartez banatuko dute, eta bi lagunentzako otordua eskuratuko du herritarrek hautatutako kartelaren egileak.