Buruz buruko finalerako sailkatu da Lopez

Ladouche eta Lopez, atzoko partida hasi aurretik. (Jai Alai News)

Zesta-puntako Banakako Txapelketako finalerdiak jokatu ziren atzo iluntzean Berriatuan, eta Imanol Lopezek final handirako txartela lortu zuen, Ladouche mendean hartu ostean. 

Norgehiagoka estua jokatu zuten, eta markagailuan parez pare joan ziren uneoro lehiatu ziren bi partidetan. Hala ere, puntista zumaiarra koskatxo bat gorago dagoela erakutsi zuen, eta, azkenean, 12-9 eta 12-11 emaitzekin azken txanparako sailkatu da.

Bigarren finalerdian, Erkiaga nagusitu zitzaion Arberi, hiru set jokatu ondoren (4-12, 12-6, 0-5). Beraz, Lopezek Erkiagaren aurka neurtuko ditu indarrak urtarrilaren 7an Berriatuan jokatuko den finalean.