Bihar 11:00etan hasiko dira IX. San Silvestre lasterketako lehen korrikaldiak

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 30a, 12:52

Korrika, irristaka nahiz Nordic Walking eginez agurtuko dute urtea zumaiarrek bihar. LH1etik LH4rako umeak izango dira korrika egiten lehenak, 11:00etan, eta horiek Ludoteka aurretik aterako dira. LH5etik aurrerako gaztetxoak ere 11:00etan abiatuko dira, baina Gernika parketik. Nordic Walkingekoak 11:30ean aterako dira, eta 12:00etan, irristaketakoak eta lasterka egingo dutenak, denak Gernika parketik.

Izena oraindik eman ez duenak horretarako aukera dauka Lubaki kiroldegian, Turismo Bulegoan nahiz Alondegian. Parte hartzaile bakoitzari txartel bat emango zaio, eta hori beteta, Gernika parkean egongo den postontzian sartu beharko dute. Izan ere, sailkapenik ez duen proba herrikoia da San Silvestre, eta txarteltxoekin zozketa eginda banatuko dituzte Gertu merkatari elkartearen bonuak.

Antolatzaileek gogorarazi dute bai irteera unean, bai amaieran, derrigorrezkoa izango dela musukoa erabiltzea. Gainera, ikusleei ere eskatu diete musukoa egoki erabiltzeko.

Ibilbidea

Helduen ibilbideari buruzko xehetasunak ere eman dituzte. Hala, irteera Gernika parkean egingo da eta Mollaberriko zubia gurutzatu ostean, Arbustain arrapalara joango dira. Han 90 graduko itzulia egin, eta Erribera kalera sartuko dira Saregileen plazatik. Erribera kalea gurutzatu ostean, Fidelato aurretik Axular kalea gurutzatuko dute GKNko zubira arte.

Handik kiroldegi aurreko bidegorritik Mendaro Marinelara joango dira, berriz Mollaberriko zubia gurutzatuz. Bidegorritik Paolera joango dira, eta Talaipe zenaren paretik pasata, Baltasar Etxabe kaletik Amaiako plazara iritsiko dira.

Hor, aurreko itzulian bezala, Erribera kalerantz joko dute, eta berriz Fidelato paretik pasata, Etxeona aurreko zubia pasa eta bidegorritik Gernikako parkera joango dira.

Proba adinaren arabera:

 
  • Haurrak (LH1-LH2-LH3-LH4): 250 metroko lasterketa (Ludotekatik irteera), 11:00etan. Ez dute gurasoen laguntzarik beharko korrika egiterakoan.

  • Haurrak (LH5-LH6): 1.100 metroko lasterketa (Gernika parketik), 11:00etan.

  • Haurrak (DBH1-DBH2): 1.500 metroko lasterketa (Gernika parketik), 11:00etan.

  • Nordic Walking, 11:30ean.

  • Helduen patinak eta korrika (Gernika parketik), 12:00etan.