"COVID ziurtagiria erakutsita, maskara jantzita eta eserita egongo diren ikusleei emanaldi bat debekatzea ez da soluzioa"

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 29a, 14:32

Jon Maiak dena prest zeukan gaur Donostiako Victoria Eugenia antzokian Kantu bat gara kontzertua eskaintzeko. 800 sarrerak salduta zeuden, baina gaur goizean deia jaso du, jakinaraziz ez dituela betetzen Jaurlaritzak atzo erabakitako edukiera neurriak, eta emanaldia otsailera atzeratuko dela. Neke puntuarekin, baina ideiak garbi azaldu ditu Maiak, euskal artistak bizitzen ari diren egoeraz.

"Nik aldarrikatu nahi dudana da orain inoiz baino beharrezkoagoa dela kultura. Baita osasunarentzat eta bizitza kalitatearentzat ere. Zer ginateke momentu honetan libururik gabe, kanturik gabe...? Arnasgune eta hausnarketarako gune dira". Hala uste du Jon Maiak. Gaur Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskaini behar zuen Kantu bat gara kontzertua atzeratzera derrigortu dute gaur goizean, eta erabakiarekin kritiko agertu da.

800 sarrerak salduta zeuden, baina Eusko Jaurlaritzaren Labi aholku batzordeak edukierak murriztea erabaki zuen atzo,  barrualdeko ekitaldietan gehienez ere 600 pertsonarentzako muga ezarriz. Oraingo sarrerek ez dute balioko, dirua itzuli egingo zaie, eta berriz hartu beharko dituzte sarrerak entzuleek. "Askok planak eginda zituzten bazkaltzeko edo afaltzeko, eta batzuentzat oparia zen kontzertua... Inpotentzia sentitzen dut jendearengatik, oso kontzertu berezia izan behar zuen", adierazi du. "Nire asmo bakarra da jendeari energia, indarra eta bizipoza transmititzea".

Berari dagokionez, berriz, antolaketa lan guztia aipatu du, baita alferrik egindako propaganda ere. "Kolaborazio asko dituen emanaldia da eta denon agendak bateratzea ez da erraza izaten. Antolaketa lan handia eskatzen du, hasi bazkariak-eta lotzetik eta eszenatoki gaineko azken xehetasuneraino. Energia guztia gaurko kontzertura begira jarrita geneukan".

"Errazena da murriztea eta debekatzea"

Maiak gogorarazi du ez dela berari gertatu zaion kasu isolatu bat, "hitzordu asko eta asko" ari direlako bertan behera gelditzen. "Kultura ez da estrategikotzat hartzen, hori da nik egiten dudan hausnarketa. Zergatik? Bada, beste jarduera askotan ez delako murrizketarik ikusten. Irizpide ekonomikoak hartzen dira aintzat eta, zoritxarrez, euskal kulturak ez dauka pisu ekonomiko handirik".

Horrek badu ondorio bat, ordea: "Noski, kantuak euskaraz egotea nahi badugu, kantugileok bizi egin beharko dugu. Eta bertsoak egotea nahi badugu, bertsolariok bizi egin beharko dugu; berdin filmekin, antzezlanekin etab.ekin".

Maiaren ustez, agintarien errazena egin dute: murriztu. "Errazena da murriztea eta debekatzea kultura. Baina bi urtetan, posible genuen aireztapenak egokitzea, neurgailuak jartzea eta halako konponbideak asmatzea. Bestetik, autobusak eta trenak nola doazen ikusten dugu, fabrika handietan nola egiten den lan; hor ez da neurririk hartzen. Eta aldiz, ukatu egiten diogu sarrera COVID ziurtagiria erakutsita, eserita eta maskara jantzita emanaldi batez gozatu nahi duenari. Nire ustez, hori ez da soluzioa".

Zumaiako kontzertua, aurrera

Urtarrilaren 7an Zumaian emango du Kantu bat gara kontzertua Maiak, eta azaldu du data mantendu egingo dela, edukiera muga berrira egokituko dutelako.

Emanaldia Zumaiena aretoan izango da, 20:00etan, eta sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan, helduenak zortzi euroan eta sei euroan Gazte Txartelarekin.