Zirta espazio askean jaialdi batekin eman diote amaiera urteari

Maria Maya Manterola 2021ko abe. 20a, 17:30

Duela ia urtebete sortu zuten Gaztegunean Zirta espazio aske eta feminista. Urteari amaiera emateko jaialdia izan zuten joan den ostiralean. Gazte ugari gerturatu zen Mijo Lizarzaburuk eskainitako hitzaldira.

Urtarrilean beteko du urte bat LGTBIfobiarik eta matxismorik gabeko Zirta espazio askeak. Urteari amaiera emateko, Gaztegunean elkartu ziren joan den ostiralean. Mijo Lizarzabururen eskutik, Argaltasunari kritika gotputz lodiaktibistatik saioa izan zen lehenbizi; luntxa egin zuten jarraian; eta, amaitzeko, bertako gazte batek diseinaturiko irudiekin serigrafia tailerra egin zuten Asteazkenak estudioarekin. 

13 eta 17 urte arteko gazteentzako gunea da Zirta, gazte guztientzako irekia, LGTBI+ pertsonak izan ala ez. Jakinarazi dute ed0nor dela ongi etorria, haren jatorri, sexu-lehentasun, identitate edo genero adierazpena edozein izanik ere. Urte honetan gai ugari landu dituzte, besteak beste, autoestimua, sare sozialen eragina gorputzetan, harreman osasuntsuak, maitasun erromatikoa, genero rolak eta presioak edota sexualitatea.