Bizitza duinen alde atera dira herritarrak kalera

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 18a, 08:40

Manifestazioa egin zen atzo iluntzean Zumaian herriko hamabi eragilek deituta, "bizitza duina kapitalaren gainetik" lelopean. 

Beheko plazan hasi eta amaitu zen atzo iluntzean Zumaian egindako manifestazioa. Herriko hamabi eragilek deituta, bizitza duinak aldarrikatzea izan zuen ekintzak bere helburua.

Martxaren amaieran irakurritako idatzian jasotzen zenez, gizartea bidegurutze batean aurkitzen dela nabarmendu zuten. "Sistema kapitalista bere burua berrasmatzen ari da, bere mugak aspaldiko agerian daudenean, eta berkonfiguratze horretan ageriagokoa egin da gure bizitzen eta kapitalaren arteko talka".

"Norabidearekin kezkatuta", hainbat herritarrek bat egin dutela azaldu zuten irakurketan. "Ez dugu utziko sistemaren krisi anizkoitzak herritarron bizitza berekin eraman ditzan; ezta urteetako borrokaren ondorioz lortutako eskubideetan atzera egiterik ere". "Gutxi batzuen etekinen gainetik herritarron bizitzak eta gure herriaren nahiz planetaren biziraupena bermatuko duen eredu aldaketa" bat ere eskatu zuten mobilizazioko parte-hartzaileek. 

"Gure bizitzen gain erabaki nahi dugu, hemen eta orain, gure bizitzak bizigarri egiteko. Horretarako beharrezkoa dugu aktibatzea eta egoerari kolektiboki erantzutea", nabarmendu zuten.