IRITZIA

Burujabetza teknologikoan oinarritutako garapen digitala

baleike 2021ko abe. 21a, 10:00

Konektatuta bizi gara: lagunekin edukia partekatzen dugunean, autoz gidatzean, telebista piztu, sarean jolastu edo bideo bat ikustean... une horietan guztietan enpresa erraldoiek gure jarduna neurtu eta zaintzen dute haien interesen arabera gure erabakiak bideratu nahian. Egoera honen aurrean, burujabetza teknologikoa ezinbestekoa da norbanako eta komunitate txikien askatasuna sarean zaindu eta bermatzeko, eta zumaiarrak aitzindari gara bide honetan. Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak azaroko Ekonomia gehigarrian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nire inguruko pertsona askok egin didate galdera bera azken hilabeteotan: merezi du Zumaian sortu den "Internet horretan" alta ematea? Ohikoa den moduan, prezioari begiratzen diote batez ere, eta, Zumaian garatu berri den zuntz optiko herritarraren eskaintza enpresa handien eskaintzen parean jarrita, ez dute alde handirik ikusten.

Ikuspegi hau izatea normala da, ez baita erraza ulertzea non egon daitekeen Interneteko konexio baten onura prezioaz eta abiaduraz harago. Beraz, zertarako behar dugu herri kooperatiba batek eraikitako zuntz optikoa enpresa handiek antzeko zerbitzua eskaintzen dutenean?

Galdera hauen erantzuna garbia da: bai, merezi du "Internet horretan" alta ematea, bistan gelditzen ez diren onurak dituelako. Enpresa handien eskaintzarekin alderatuta desberdintasuna nabarmena baita: zumaiarron garapen sozial, teknologiko eta ekonomikoan eragiten duen proiektua da.

Proiektuaren izaera uler dezagun, Zumaian sortu den "Internet hori" Zumaiako Udalak herrian zabaldu duen zuntz optiko sarea da. Teknikoki badago aldea, benetako zuntz optikoa zabaldu delako herriko txoko guztietara abiadura simetrikoak eskainiz. Kontzeptu hau garrantzitsua da, abiadura simetrikoak bermatzen duelako datuen igoera eta jaitsierako abiadura berdinak izatea. Normalean enpresek eskaintzen duten abiadura asimetrikoa izaten da, hau da, 300 Mbps-ko abiadura kontratatuta badugu, abiadura hori jaitsierakoa izaten da, eta, igoerakoa, berriz, horren %10 inguru izan ohi da. Baina proiektuaren desberdintasun nagusia ez da teknikoa, filosofikoa baizik, burujabetza teknologikoa baitu oinarri: sare honen administrazioa erabiltzaileek eta udalak osatutako kooperatiba baten eskuetan dago, eta, horrek, izugarrizko balioa eta potentziala dauka.

Burujabetza teknologikoaz hitz egiten dugunean, herritarron askatasun teknologikoaz ari gara, bai azpiegituraren ikuspegitik, bai pribatutasun zein komunika-zio teknologien ikuspegitik. Eredu honek erabiltzailea ahalduntzea du helburu enpresen eta gobernuen interesen aurrean. Ez dezagun ahaztu Internet dela gaur egungo komunikazioen muina, eta, ondorioz, eragiten dituen interes ekonomiko, sozial eta politikoak izugarriak dira.

Freedomhouse enpresak argitaratutako azken txostenaren arabera, 2021. urtean Interneteko askatasuna gutxitu egin da 11. urtez jarraian. Gobernuek adierazpen askatasuna murriztu dute sarean legeak, arauak eta mugak ezarriz. Estatu Batuetan sareko neutraltasuna desagertu izana da horren adibide garbi bat: Estatu Batuek Trumpen agindupean onartutako legearen ondorioz, telekomunikazio enpresek Interneteko abiadura desberdina ezar dezakete erabiltzaile edo zerbitzuen arabera, bi abiaduratako Internet bereiziz. Europan, gaur egun, ez da horrelakorik aurreikusten, 2016an Interneteko neutraltasunaren aldeko erabakia onartu zelako, baina aurkako interesek hor jarraitzen dute.

Sarearen kontrola herrian sortutako kooperatiba baten esku egoteak interes horien eragite maila murriztu dezake. Zumaiako zuntz optikoaren kasuan, erabiltzaileen kontrolpean dagoen kooperatiba izanik, datuen pribatutasuna ere bermatzen da, gure nabigazio ohiturak, datuak eta abar ez daudelako enpresa erraldoien esku. Zuntz optiko herritarraren balioa ez da prezio kontua, filosofia kontua baizik. Gure datuen kontrola, gure nabigazioa eta gure sareko askatasuna enpresa pribatuen interesen esku uztea garesti atera daiteke.

Erabiltzailearen ikuspegi hutsetik harago, garapen sozialerako eta ekonomikorako tresna baliagarria da herritarron zuntz optikoa. Digitalizazioaren demokratizazioak berebiziko garrantzia du online irakaskuntza eta telelanaren garaian, eta, horretarako, ezinbestekoa da Interneten erabilera eskubidea babestea, herritar guztientzat eskuragarri eginez Internetera sarbidea. Merkatua ikuspegi ekonomiko soiletik harago baloratzen duen ekonomia sozialeko proiektu batek kontuan hartzen du sarea denon eskura jartzeko beharra.

Aurreko guztiak ez du esan nahi interes ekonomikorik gabeko proiektu bati buruz ari garenik. Datozen urteotan garapen nagusia izango duten sektore industrialen edozein zerrenda aztertzen badugu, lehen postuetan ingurune digitalarekin zerikusia duten industriak daude: adimen artifiziala, big data, zibersegurtasuna edo industria 4.0, esaterako, eta industria horiek garatzeko ezinbestekoa da azpiegitura teknologiko egokia ezartzea. Zumaiako Udalaren apustua interesgarria da zentzu horretan, ate berriak zabaltzen dituelako Zumaian hain errotuta dauden ohiko industriatik eta turismotik harago. Industria 4.0 da gaur egungo industriaren oinarria, eta, horretarako azpiegitura eta zerbitzuak ezarri behar dira. Baina, horrez gain, ekintzailetza digitalak ate berriak zabalduko ditu datozen urteotan, humanitate digitalak, adimen artifiziala, aisialdia edo datuen analisian oinarrituta, esaterako.

Lehen urratsak eman dira, zuntz optikoaren inguruan zerbitzua eskaintzen duten enpresa txikiak sortu direlako eta lehendik zeudenak zerbitzu berriak eskaintzen hasi direlako. Kooperatibak ezarritako eredua ere interesgarria da, proiektu hau ekonomia sozialean oinarritzen baita. Zerbitzu eta enpresa berrietarako oinarriak ezarrita daude garatutako azpiegiturari esker; orain, abiadura hartzeko garaia iritsi da.