IRITZIA

Gertuko betaurrekoekin

Baleike 2021ko abe. 14a, 16:52

Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiak azaroko Ekonomia gehigarrian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Behin edo behin pentsatu omen du lagunak, ez duela bere burua kapaz ikusten oihanean bakarrik bizirik irauteko. Nola lortu jatekoa, nola eraiki aterpe bat, nola piztu sua? Inork ez diola erakutsi, gauzaez sentitzen dela. Eta ulertzen duela jendeak komuneko papera, garagardo latak eta kanpingasak dozenaka erostea, gizartearen kolapsatze handi baten beldurrak mamu atabikoenak pizten dituelako. Mundua pikutara badoa, azpiko arropak behintzat garbi.

Bakarkako ihesbiderik ez dago, ordea. Ez dago nahikoa uharte bakarti itsasoan, ez dago nahikoa artzain-borda mendietan, zortzi-mila milioi lagunentzat. Animalia sozialak gara eta irtenbide kolektiboak dira gure patua eta, era berean, gure esperantza bakarra. Deitu herrigintza, auzolana, kooperatibismoa, aliantza, saretzea edo ekonomia kolaboratiboa, elkarrekin jardunda izango dugu aukeraren bat, akaso.

Mundu mailakoak dira aurrez aurre dauzkagun erronka handienak; tokikoak, guk geuk har ditzakegun neurri eraginkorrenak. Uztarri berean behar ditugu ekologia eta ekonomia, eta denbora gehiago galdu gabe has gaitezke lanean, elkarrekin eta gertukoenekin. Enpresa sarea, lehen sektoreko ekoizleak, hezkuntza sistema, erakunde publikoak, gizarte antolatua eta herritarrak, denok gara ezinbesteko eraldaketak arrakasta izango badu.

Globalizazioaren ajeei aurre egiteko premiaz ohartuta, hainbat ekimen sortu dira han-hemenka, soluzioa ekonomia gertuko komunitateen eskalara egokitzea izan daitekeelakoan: zero kilometroko elikadura, gure baserritarrak babesteko; tokiko merkataritzaren aldeko kanpainak, herri aberastasunari eusteko; zuntz optikoko sare publikoa, garapen teknologikorako erreminta propioak izateko; energia berriztagarriak sortzeko egitasmoak, enpresa handien hain menpeko ez izateko; etengabeko berrikuntza programak, gure industria garai berrietara egokitzeko; edota hezkuntza sistema eta enpresen arteko harreman estuagoa, belaunaldi berriek lan mundura sarbide egokiagoa izan dezaten.

Tokiko garapenaren alde egin nahi badugu, herri osasuntsu eta indartsuak nahi baditugu, burujabetzan sakondu nahi badugu, zero kilometroko tomateak bezain garrantzitsuak dira tokiko hedabideak: interes publikoa duen informazioa zabaltzeko, konpondu beharreko arazoen berri emateko, gure egunerokoan erabakiak hartzen laguntzeko, elkarren berri izateko, elkarrizketa sustatzeko, herria kohesionatzeko.

Gertuko ekosistemaren parte sentitzen garelako sortu dugu esku artean daukazun Ekonomia gehigarria. Gure errealitate sozioekonomikoari gertuko betaurrekoekin begiratuz, hobeto ezagutu eta aurrerabideak topatzeko gure alea jartzeko borondatearekin.