Euriteek kalteak eragin dituzte Zumaian eta eskualdeko txokoetan

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 10a, 17:33

Azken egunotan gelditu gabe egin du euria, eta urak handi datoz. Horrek eragina izan du eskualdeko ibaietan eta erreketan. Zenbait lekutan gainezka egin du Urola ibaiak, Oria ibaia hazita dator eta Nuarbeko Ibai Eder urtegia %100ean dago.

Pilatutako urek eta azken orduetako euri jasek hainbat kalte eragin dute eskualdeko herrietan. Zumaian, esaterako, Urola ibaiak gainezka egin du Oikiako leku batzuetan. Hori dela eta, Artadi eta Oikia lotzen dituen errepidea moztu behar izan du Udaltzaingoak. Artadi azpian dagoen Torrontegi baserriaren ateraino heldu da ura, haren inguruan dauden soroak eta baratzeak urarekin estaliz. Oikiako bizilagunek kezkak begiratzen diote Ibai Eder urtegiko edukierari, pantanoko urak askatzeak eragina izan baitezake Oikia inguruan.

Oria ibaia ere hazita dator, eta hainbat kalte eragin ditu. Esaterako, ibaiak gainezka egin du Aginaga inguruan, eta zenbait eremu utzi ditu ur azpian. Horrez gain, hainbat zikinkeria pilatu ditu itsasontzien inguruan.

Azpeitian nabariak izan dira kalteak. Itxita daude Lasao eta Azpeitia arteko bidegorria, Madalena auzora joateko bidea eta Mandubiako mendatea. Era berean, hainbat garajetan ura sartu da, eta Udaltzaingoa egoera konpontzeko lanean ari da. Foru Ibilbidea pasealekuan ere kalteak eragin dituzte euriteek. Kale horretako etxepe batean ura sartu eta koadro elektrikoa izorratu da. Ondorioz, kale horretako zenbait saltoki itxita daude, argirik ez dutelako.

Azkoitian ere izan dute eragina euriteek. Goizaldean zenbait lekutan itxita egon da errepidea. Azkoitia eta Urretxu artekoa esaterako. Izan ere, lur jausi bat tarteko, haitz handiak erori dira Igaran indarretxearen pareko errepide gainera. Ur putzuak ere asko eta nabarmenak dira GI-631 errepidean, eta horregatik, motel eta arreta handiz gidatzeko gomendioa egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Meteorologoek aurreikusi dute denboralea igandean baretuko dela. Euria etetea espero da ordurako, baita tenperaturek gora egitea ere. 

Erlazionatuak

Errioak gainezka egin du berriro ere Oikian

Juan Luis Romatet 2021 abe 10 Oikia   Zumaia