Komenturako udalak prestatu duen proiektua ezagutzeko aukera izango da datozen egunetan

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 3a, 15:28

San Jose Komentua musika, dantza eta antzerkirako topagune bihurtzeko asmoa du Zumaiako Udalak. Proiektua herritarrei erakusketako asmoz, zenbait ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. 

Kultur Topagune hori ezaugarritzeko bilerak egin dituzte udal ordezkariek eta teknikariek herriko kultur eragile zein norbanakoekin aurreko hilabeteetan, eta, bitartean, eraikina bera eraberritzeko proiektua ere diseinatzen joan dira. Proiektuetatik ekintzetara pasa nahian, 1,2 milioi euroko partida bat txertatu zuen udal gobernuak datorren urterako aurrekontuetan. Udal kontu hauek pasa den astean onartu zituen udaleko bilkurak. 

Komentua Kultur Topagunea izeneko egitasmoa, eta mojaxarren komentu zaharraren eraberritze prioiektua herritarrei erakusteko ekitaldi sorta prestatu ditu udala datozen egunetarako. 

Hala, abenduaren 9tik 19ra bitartean erakusketa egingo da Komentuko kaperan. Eraikinaren eraberritze proiektuaren planoak eta xehetasunak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Erakusketa egunero izango da zabalik denbora epe horretan, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etan. Larunbatetan eta igandetan eguerditan ere bisitagai izango da, 12:00etatik 14:00etara.

Abenduaren 9an bertan (osteguna) aurkezpen ekitaldia izango da, 18:00etan. Proiektua egin duen arkitekto estudioko kideek 3D planoekin azalpenak emango dituzte, eta Kultur Topagunearen egitasmoaren inguruko xehetasunak ere azalduko dituzte.

Abenduaren 11n, berriz, bisita gidatua izango da. Bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek posta elektronikoko mezu bat bidali beharko dute kulturetxea@zumaia.eus helbidera.

Komenturako prestatutako proiektuaren inguruko bideoa egin du udalak. Hemen ikus daiteke: