Liztor beltzaren 150etik gora habi kendu dituzte Zumaian azken bederatzi urteetan

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 5a, 09:00
Liztor beltzaren habia etxebizitza batean. (Argazkia: Zumaiako Udaltzaingoa)

Liztor beltza Euskal Herri osora hedatu da azken urteotan. Bertako espeziea baino oldarkorragoa, kezka sortu du naturazaleen artean. Zumaian ere agertu da liztor mota hori, eta horren inguruko datuak eman ditu Zumaiako Udaltzaingoak.

Vespa velutina bezala ezaguna den liztorra 2010ean antzeman zuten aurreneko aldiz Euskal Herrian, Irunen hain zuzen ere. Asian dauka jatorria liztor mota honek eta 2004ko amaieran sartu zen Europan, antza Bordelera Txinatik egurrez edo eltzez beteta zetorren ontzi bat porturatzean. Kezka handiagotu egin da ordutik hona, liztor beltza harrapakari oldarkorra delako bertako erleentzat.

Liztor beltzek 30 milimetro inguru dituzte eta erreginek 35 eta 40 milimetro izatera irits daitezke. Baloi baten neurria duten habiak arboletan zintzilik egiten dituzte. Adituen esanetan, habi bakoitzak 1500 - 3000 liztor artean izaten ahal ditu. Bertako liztorrak baino oldarkorragoak dira. 

Zumaiako Udaltzaingoak dituen datuen arabera, 2013tik gaur egunera arte 150 habi baino gehiago deuseztatu dituzte Zumaian, 157, hain zuzen. 2018. urtea izan zen zentzu honetan okerrena, guztira 30 kabi kendu zituztelako. 2017an 26 habi kendu zituzten, eta bi urte lehenago, 2015ean 25. Aurten 16 izan dira detektatutako eta neutralizatutako habiak. 

Herriko auzuneei dagokionez, Oikian detektatu dituzte denbora epe honetan habi gehien: %28 hain zuzen; Axular Jadarren %16; Estazioa-Basustan, Basadi-Aita Mari-Alain eta Narrondon %10; San Jose-Alde Zaharran %8; Arrangoletan eta hilerritik Pikote baserrira bitartean %7; eta Artadi-Santiagon %5.

Zumaiako Udaltzaingoak liztor beltzen habiekin lotutako intzidentziak NEKAGIP atarian sartzen ditu 2013. urtetik. Gaineratu duenez, Foru Aldundiak erlezain bat bidaltzen du habi hauek neutralizatzera. Liztor beltzaren habiak neutralizatzeko kanpainak udaberri aldera hasi eta abendu erdi aldera bukatu ohi direla ere azaldu du, eta hotzarekin batera habian jada ez da aktibitaterik egoten.