Bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko zerbitzua ezartzeko konpromisoa berretsi du Urola Kostako EH Bilduk

Aritz Mutiozabal-Amaia Urbieta Arruti 2021ko abe. 2a, 11:59
Eskualdeko EH Bilduren hautetsi eta eledunak. (Aritz Mutiozabal)

Zerbitzu hori ezartzeak ezin duela "gehiago itxaron" adierazi dute, eta jakinarazi dute EH Bildu gobernuan den herrietan horretarako partidak bideratu dituztela 2022ko aurrekontuetan.

Agerraldia egin dute gaur Zarautzen eskualdeko EH Bilduren ordezkariek, herrietako alkate nahiz eledunek, bazterkeria egoeran dauden herritarrentzat gaueko zerbitzua ezartzeko hartutako konpromisoa berresteko. “Pandemiak are ageriago utzi ditu gizartean aurretik genituen arrakalak, eta EH Bilduko hautetsien aburuz, eskualdean bazterkeria egoeran dauden herritarrentzat gaueko zerbitzua berriz ezartzeak ezin du gehiago itxaron”, azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. 

Urola Erdiko eta Urola Kostako EH Bilduko alkateek iragarri dute 2022rako lantzen ari diren aurrekontuetan diru partidak bideratu dituztela bazterkeria egoeran egon daitezkeen herritarrentzat gaueko zerbitzua ezartzeko. Gobernuan ez dagoen herrietan, EH Bilduko eledunek gauza bera egitea proposatu dute, edota proposatuko dute. Esaterako, Getariako udal aurrekontuetan 10.000 euroko partida adostu dute egitasmorako, eta Zumaian 27.000 eurokoa.

“Hiru urte dira Zarauzko Neguetxea itxi zela. Urteak dira Urola Kostan egindako azterketa teknikoan zerbitzu hau eskualde mailan ematekoa zela zehaztu zela, eta teknikoki Zarautz ezarri zen zerbitzu hau emateko herri egokien gisa”, jarraitu du Ostolazak. Gaineratu du hainbatetan mahaigaineratu dutela gaia EH Bilduko eledunek bai Urola Kostako Udal Elkartean, bai udalean bertan, eta iragarri duten erabakiarekin zerbitzuak “behingoz aurrera egitea” dutela helburu.

Diru partidak aurreikusteaz gain, UKUE eta Urola Erdiko zerbitzuen mankomunitatea osatzen duten udalen artean mahai tekniko politiko bat bultzatzeko konpromisoa ere agertu du EH Bilduk gaurko prentsaurrekoan, “eskualdeko gizarte zerbitzuak koordinatu eta dinamizatuko dituena”.