Xake txapelketa antolatu du Kabi tabernak

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 30a, 09:00
Argazkia: Juan Luis Romatet

Munduko xake txapelduna zein den erabakiko dute Dubain Carlsenek eta Nepok. Une berean, Kabi tabernak antolatutako xake txapelketa jokatuko da Zumaian. 

Abenduaren 6an hasi eta Gabonak bitartean jokatuko da txapelketa, "infusio eta garagardo artean". Xakearen magiaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek eta tabernara gerturatzen direnek. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, txapelketa "erabat amateurra" izango da, adin, kondizio eta maila guztietako jendeari irekita, xake zaletasuna sustatzeko asmoz. 

Ligaxka moduan jokatuko da txapelketa, eta partaide bakoitzak bere multzoko lehiaketa bakoitzarekin eguna eta ordua adostu beharko du; bi aste izango ditu faseko partida guztiak amaitzeko. Azkeneko astean finalerdiak eta finala jokatuko dira. Partidak erlojuarekin jokatuko dira, eta jokalari bakoitzak ordu erdi izango du partidako. 

Izenak abenduaren 4ra arte eman ahal izango dira. Izen-ematea doan izango da taberna bertan, Kabik Facebooken duen txokoan edo 685 75 89 02 telefono zenbakira deituta. 

Txapelketaren ideiak harrera ona izan du tabernaren hornitzaileen artean, eta txapela jokoan egoteaz gain, hornitzaileek emandako sari dezente ere zozkatuko dira parte hartzaileen artean.