22 kasu positibo detektatu dituzte azken lau egunetan Zumaian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 29a, 14:38

300 positibotik gora atzeman dituzte Urola Kostan azken lau egunetan. Azkenaldiko datuen joera berari eutsita, Azpeitian atzeman dute kasu gehien, alde handiarekin: 121 lagunek eman dute positibo koronbirusaren proban herri horretan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ere okerrera egin du egoerak, eta denetan igo da intzidentzia tasa.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, aurreko ostegunaz geroztik okerrera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren bilakaerak, baita eskualdean ere. Urola Kostan, guztira, 307 positibo berri atzeman dituzte azken lau egunetan; horietatik 121, Azpeitian. Azken hilabetean gogor jo du pandemiak herri horretan, eta datuek gora egiten jarraitzen dute. Une honetan, 2.181,36ko intzidentzia du herriak.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere okerrera egin dute datuek. Zumaian 22 kasu izan dira egun hauetan, eta intzidentzia tasa 620,74ra igo da. Zarautzen nabarmen egin du gora intzidentzia tasak (762,41 tik 968ra), eta 67 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan. Azkoitian, 38 izan dira azken egunetan atzemandako positiboak, eta 784,44ra igo da intzidentzia tasa. Orion ere Azkoitikoaren pareko tasa dute: 782,78koa da uneotan, eta azken lau egunetan 21 positibo berri zenbatu dituzte kostaldeko herrian. 

Gainontzeko herriei dagokienean, hauek dira azken lau egunetako zenbakiak: launa kasu berri hauteman dituzte Aian eta Aizarnazabalen, bat Beizaman, bi Errezilen, hogei Getarian eta sei Zestoan.

ZIUetan, 60 lagun Hego Euskal Herrian

Datu orokorrei erreparatuta ere okerrera egin du egoerak berriro. 471,56koa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa orokorra (duela astebete 321,59koa zen), eta positibotasun tasa %10,4koa da (egindako 6.389 probetatik 663k eman zuten positibo atzo). Ospitaleak, pixkanaka bada ere, gero eta beteago daude. Nafarroari dagokionean, berriz, azken eguneko datuen arabera, jaitsi egin da positibotasun tasa %9,8ra, eta 202 lagunek eman zuten positibo igandean egindako 2.056 probetan.

214 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan koronabirusaren eraginez, azaro erdialdean baino 100 gehiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, 47 lagun daude. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreko astean adierazi zuen ZIUen okupazioa 50 ohetara iritsiz gero aztertuko zutela berriz ere osasun larrialdi egoera aztertzeko aukera. Oraingoz ez da zifra horretara iritsi zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua, beraz, aurkakorik esan ezean, ez du neurri berezirik hartuko Jaurlaritzak momentuz.

Nafarroan, Osasunbidearen erietxeetan, 80 lagun daude ospitaleratuta, eta hamahiruk behar dituzte zainketa bereziak.