Ticket Bai sistemari buruzko saioak eskainiko ditu UKUEk, ostalari eta merkatarientzat

Baliabide informatiko eta teknologikoak egokitu beharko dituzte hainbat negoziok Ticket Bai sistema indarrean sartzen denean, eta horretarako prestatzeko bi saio eskainiko ditu UKUEk. Zerbitzuen sektoreko negozioei begirako saioak izango dira, eta udal elkarteak Zarautzen duen egoitza nagusian egingo dituzte. Asteazkenean izango da lehen saioa.

2022ko uztailaren 1etik aurrera modu mailakatuan sartuko da indarrean Ticket Bai sistema ekonomia sektoreetan, baita ostalaritzan ere. Sistema indarrean sartzen denean, jarduera ekonomikoren bat egiten duen edozein pertsona fisikok nahiz juridikok Ticket Bairen baldintzak betetzen dituen fakturazio sistemaren bat erabili beharko du. Horrek zenbait betebehar legal eta tekniko ekarriko dizkie negozioen jabeei, eta askok beraien ekipamendu informatikoak egokitu beharko dituzte horretarako.

Horretarako laguntza eskaini nahi die eskualdeko enpresei Urola Kostako Udal Elkarteak. Zerbitzu eta merkataritza sektoreetako enpresei bideratutako banakako aholkularitza programa jarri du martxan, eta ostalariei nahiz gainerako sektoreetako enpresei bideratutako beste bi saio berri eskainiko ditu mankomunitateak.

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin elkarlanean, ostalaritza sektorearen behar eta ezaugarriak kontuan hartuta antolatu da Ticket Bai sistemari buruzko jardunaldia. Abenduaren 1ean izango da prestakuntza saioa, datorren asteazkenean, 10:00etatik 12:00etara, UKUEk Zarautzen duen egoitza nagusian.

Faktura Bai, abenduaren 3an

Sistema berrira egokitutako aplikazio eta erreminta ezberdinak garatu badira ere, Gipuzkoako Foru Ogasunak pertsonen eta erakundeen eskura jarri du Faktura Bai aplikazioa. Horren bidez, fakturak sor daitezke PDF formatuan, QR kodea eta Ticket Bai identifikatzailea barne. Aplikazio horren erabilerari buruzko saioa ere egingo du UKUEk, abenduaren 3an, 09:30ean hasita, udal elkarteaen egoitza nagusian.

Saioetan izena emateko edo argibide gehiagorako,  943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke, edota enpresa@urolakosta.eus helbidera mezua bidali.