Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde mobilizatzera deitu dute hainbat eragilek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 28a, 15:00

Datorren asteazkenerako manifestaziora deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan goizez, eta iluntzean herriz herri egingo dituzte mobilizazioak. Zumaian, 19:00etan jarri dute hitzordua, Beheko plazan. Herriko hainbat eragilek egin dute bat lan eta pentsio erreformak geldiarazteko aldarrikapenekin.

Asteazkenerako mobilizatzera deitu dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, eta bat egin dute deialdiarekin beste hainbat eragilek ere. "Lan, pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko deitu dute mobilizatzera, eta 11:00etan manifestazioak egingo dituzte Euskal Herriko lau hiriburutan: Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Arratsaldean, berriz, herriz herri finkatu dituzte hitzorduak, eta Zumaian Beheko plazan izango da mobilizazioa, 19:00etan hasita. 

Protestaren deitzaileen arabera, pandemiak "azkartu" eta "sakondu" egin ditu aurretik ere bizirik zeuden "krisi anizkoitzak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak". Horren kudeaketa "negargarria" izan dela diote, eta argi geratu dela botere ekonomiko eta politikoa dutenen hautua "kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea" dela.

Aurrerantzeko erabakiek ere "ildo berean" jarraituko dutela aurreikusi dute, eta horregatik, "lan, pentsio eta bizitza duina. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizitza duinerako, burujabetza" aldarriak plazaratuko dituzte datorren asteazkenean. "Prekaritatera kondenatutako langile belaundaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta izkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diran langabezia prestazioak jasotzen ditugunona", adierazi dute oharrean.

"Norabide aldaketa sakon" baten bila doaz, beraz, mobilizazioen deitzaileak. "Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerakoe skubidea aldarrikatzen dugu", gaineratu dute eragileek. 

Zumaian ere hainbat herriko hamabi eragilek egin dute bat iluntzeko manifestazio deialdiarekin; honako hauek: ELA, LAB, ESK, Gure Esku, Zumaiako Mugimendu Feminista, Pentsiodunen mugimendua, Zumaiako Etxebizitza Asanblada, Zumaiako Natur Taldea, Malen Etxea, Ernai, Sortu eta Ikama.