19,6 milioi euroko aurrekontua onartu du udalbatzak datorren urterako

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 26a, 13:30

EH Bilduren aldeko zortzi botorekin, eta EAJren (7) eta PSE-EEren (1) abstentzioekin onartu zituzten 2022rako aurrekontuak. EAJren lau proposamen jasotzen dituzte datorren urterako udal kontuek. Alkatearen hitzetan, "garrantzitsua" da aurrekontuak ezezko botorik gabe onartzea.

Ezohiko osoko bilkura izan zen atzo, osteguna, udaletxean. 2022rako 19,6 milioi euroko aurrekontu proposamena eraman zuen udal gobernuak, inoizko handiena. Aurretik, EAJrekin adostasun batera heldu zen udal gobernua. EH Bilduren aldeko zortzi botorekin, EAJren zazpi abstentziorekin eta PSE-EEren abstentzio batekin onartuta geratu da proposamena.

Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak aletu zituen aurrekontuaren atalak. Udal Gobernuak aurrez landu zuen proposamena eraman zuen udalbatzarrera, baina EAJren emendakinak tarteko igo da aurrekontua 19,6 milioitara. Ahobatez onartu zituzten jeltzaleen proposamenak. Mariantoneko haur parke estaliaren proiektua garatzeko 240.000 euroko partida jasoko du aurrekontuak. Merkatariei eta ostalariei bultzada emateko, berriz, PERCO proiektuaren idazketarako 30.000 euro bideratzea ere proposatu zuen EAJk. Zumaia Txukun kanpaina egiteko konpromisoa eta kontsumo arduratsu eta jasangarriaz kontzientziatzeko kanpaina ere jasoko ditu aurrekontuak, EAJren ekimenez. 

Iker Mardaras zinegotziak hartu zuen hitza ondoren: "Pozten gara EAJk martxan jarritako proiektuei jarraipena emateaz, hala nola, argiteria berritu eta igogailuen proiektuekin jarraitzeaz". Dena den, aurrekontuak "nabarmen gora" egin arren, gabezia kirol ekipamenduen inbertsioan dagoela iritzi diote. Jeltzaleek azaldu zuten Inbertsio osoaren –5,2 milioi euro, hain zuzen ere– % 2a besterik ez dela bideratuko kirol ekipamenduetara, "herrian erabilera handiena duten baliabideetara". 

Bestalde, Mardarasek aipatu zuen ez daudela ados "horrenbesteko garrantzia eman dieten aurrekontu parte hartzaileak" agintaldiaren azken urterako uztearekin.

Jeltzaleek proposatutako lau proiektu izango dira 2022ko aurrekontuetan, baina "kanpoan geratutako eskaerak" aipatu nahi izan zituen Mardarasek, besteak beste, Santiagoko komunen proiektua eta mugikortasun ekimenak. EAJren udal taldeak dituen kezkak ere jarri zituen mahai gainean. Horien artean dira, esaterako, ohikoak ez diren diru-sarrerak. Mardarasen ustez, "puntualak" dira aurrekontuak osatzeko koalizioak kontuan hartu dituenak, eta "zalantzagarria" da milioi bat.

PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonen hitzetan, aurrekontua "ez da desegokia". Nabarmendu zuen gainerako instituzioek –Eusko Jaurlaritzak, esaterako– ildo bera jarraitu duela aurrekontuak osatzeko, eta "PSE-EEk defendatu izan dituen inbertsioak" jasotzen dituela. Gizarte Zerbitzuetan egindako apustua goraipatu zuen Marañonek, bestalde –iaztik %12ko igoera proposatu du koalizioak arlo horretarako–. Oro har, EAJren emendakinen alde egin zuen Marañonek, baina abstenitzearen arrazoia udal eraikinen garbiketa zerbitzua publifikatzea dela zehaztu zuen. 

Ezezkorik gabe

Iñaki Ostolaza alkateak eskerrak eman zizkien gainerako udal taldeei. Izan ere, harentzat "garrantzitsua" da ezezko bozkarik gabe aurrekontuak onartzea, eta zentzu horretan, izan duten prestutasuna eskertu nahi izan zieten udalbatzarrean parte hartzen duten udal talde guztiei. 

Era berean, aipatu zuen "aurrekontu potentea" aurkeztu dutela, eta inbertsioek "bultzada emango diotela herriari".