Azaroaren 25a

Indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute gaur Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 25a, 20:28

Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute iluntzean Zumaian, Torreberriko aterpean. Indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute. 

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da, eta horren harira ekitaldi batzuk egin dira egunean zehar Zumaian: hitzaldiak, elkarretaratzeak eta eskola mailan egindako ekitaldiak, esaterako. Zumaiako hainbat taldek, elkartek eta norbanakok bat egin dute indarkeria matxistaten aurkako aldarriarekin. Borroka hau, baina, ez da egun bakarrera mugatzen; egunero egin behar zaio aurre indarkeria matxistari. Izan ere, datuek erakusten duten bezala, genero indarkeriarekin lotutako hamalau kasu izan dira Zumaian 2021. urtean. Azken hilabete hauetan zenbait sexu eraso ere gertatu dira herrian, eta horiek salatzeko atera dira herritarrak kalera. Gertaera hauek guztiek garbi erakusten dute inoiz baino beharrezkoagoa dela aldarri hori plazaratzea. 

Hala, negu gorriari aurre eginez, elkarretaratzea egin dute iluntzean Torreberri aterpean Zumaiako Mugimendu Feministak deituta. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira herritarrak.

Ekitaldiaren amaieran idatzi bat irakurri du Mugimendu Feministako kide batek. Egun honetara "minduta, nazkatuta eta amorruak ematen" dien indarrarekin heldu direla azaldu du. Indarkeria matxistaren ondorioz, Euskal Herrian, ofizialki, bost emakume erail dituztela ere salatu du, eta Zumaian izandako genero indarkeria kasuak eta azken hilabeteotako sexu erasoak ere gogoratu dituzte antolatzaileek. Horiez gain, irakurketan azpimarratu denez, "ehunka eta ehunka dira ere, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto diskurtso eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak". Mugimendu Feministako lagunentzako, "jendarte eredu hau jasangaitza da emakume eta genero disidenteontzat! Politika feministak, prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak eta jendarte osoaren ardura hartzea behar dugu".

Euskal Herriko "eragile sozial, politiko eta insituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea exijitzen" dute, "indarkeria matxistarik gabe bizitzea gure eskubidea baita. Erakunde konprometituak behar ditugu eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratze ezta argazkirik. Ez dugu benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik onartuko, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere. Promesa faltsuetaz nazkatuta gaude!".

Autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria berrartzen dutela ere nabarmendu dute, "gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun arauak zalantzan jartzeko, indarkeria zein errealitate ezberdinei modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko". "Kaleak hartu eta zuenganatu nahi dituzuen espazioen jabe egingo gara berriro. Amaitu da zuen garaia eta gutako bat ukitzera ausartzen bazarete, guztiok erantzungo dugu!", esanaz amaitu da Azaroaren 25eko elkarretaratzea.