Azken hiru egunetan 21 kasu positibo detektatu dituzte Zumaian

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 25a, 13:58

Azken hiru egunotan 249 positibo zenbatu dituzte eskualdean. Azpeitiko egoera da okerrena: 95 positibo baieztatu dituzte azken hiru egunotan eta 1.600dik gorakoa da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Gainontzeko herri gehienetan ere gora egin du intzidentzia tasak.

Koronabirusaren bilakaerari buruzko txostena kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, aste honetako bigarrena, eta datu kezkagarriak jasotzen ditu. Astelehenaz geroztik 249 positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta uneotan eskualdeko 11 herriak daude eremu gorrian. Dudarik gabe, Azpeitiko egoera da okerrena. Hiru egunean 95 kasu atzeman dituzte han, eta 1.636,01ekoa da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Pandemia hasi zenetik izan duen tasarik handienera iristear da, beraz. Justu duela urtebete jo zuen goia, 1.700eko tasa gaindituta.

Zumaian, berriz, 21 kasu positibo izan dira azken hiru egunetan –36 kasu azken zazpi egunak kontuan hartuta. 447,75eko intzidentzia tasa du Zumaiak gaur gaurkoz.

Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea. Intzidentzia tasa Azpeitikoa baino baxuagoa dute, 762,41ekoa hain zuzen, baina azken hiru egunotan 63 positibo baieztatu dituzte han. Kasu berriei dagokienean, Azkoitian ere erruz ugaritu dira. Astelehenaz geroztik, 27 izan dituzte Azkoitian eta intzidentzia tasa 550,78ekoa du Urola Erdiko herriak.. 

Orion hamabi positibo hauteman dituzte hiru egunotan, eta 570,78koa da tasa; Zestoan 11 kasu izan dituzte, eta 462,25ekoa da tasa; Getarian, bederatzi kasurekin, 1024,73koa da tasa; Aian bost positibo zenbatu dituzte eta 1712,82koa da tasa; Aizarnazabalen, lau kasurekin, 1.170,35ekoa da tasa; Errezilen bi kasu izan dituzte eta 966,18; eta Beizaman, kasu berririk atzeman ez duten arren, 806,45ekoa da tasa.

ZIUetan 36 lagun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 2.618 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan. Horrek esan nahi du ikaragarri ari dela hazten positibo berrien kopurua, joan den osteguneko txostenean 1.652 baitziren azken hiru egunetako positiboak. Soilik atzo 950 kasu atzeman zituzten. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan egoera ere okerrera doa pixkanaka-pixkanaka. Duela astebete 30 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), eta 36 dira gaur. Eta beste horrenbeste gertatzen ari da ospitaleratuta dauden herritarren kopuruarekin. Duela astebete 114 lagun ziren, eta 179 dira gaur.

150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituztela iragarri zuen asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzia du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura.