Azaroaren 25a

Emakumeen aurkako indarkeria, bailaran ere errealitate gordina

Baleike 2021ko aza. 25a, 09:07

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta herriz herriko datuak bildu ditu hedabide honek. Aurten, 69 kasu artatu dituzte eskualdeko udal gizarte zerbitzuetan.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, hedabide honek eskualdeko herriz herriko datuen bilketa egin du, eta horiek argi adierazten dute emakumeen aurkako indarkeriak bizi-bizirik jarraitzen duela egungo gizartean.

AIA

Aurreko bi urteetan indarkeria matxista jasan duten bi emakume artatu zituzten Aiako Gizarte Zerbitzuetan; bat 2019an, eta beste bat 2020an. Aurten, ordea, ez dute kasu bat bera ere izan.

AIZARNAZABAL

Aizarnazabalen, Gizarte Zerbitzuek indarkeria matxista kasu baten berri izan zuten 2020an, eta 2021ean, momentuz, beste kasu baten berri izan dute.

AZKOITIA

Azkoitian, guztira, hamabost indarkeria matxista kasu artatu dituzte udaleko Gizarte Zerbitzuetan; datuok iazko azaroaren 25etik gaur arte zenbatutakoak dira. Hamabost indarkeria kasu horietatik bat adingabe batek pairatu du, eta lau indarkeria kasu zenbatu dituzte 18 eta 30 urte artekoen artean, zortzi 31 eta 45 urtekoen artean, eta bi 46 eta 59 urte artekoen artean.

Kasu horietatik zazpitan erasotzailearen aurkako salaketa jarri du erasotua izan den pertsonak; salaketa jarri duten pertsonak 20 eta 42 urte artekoak dira. Beste zortzi kasuetan, aldiz, biktimek ez dute salaketarik jarri. Gizarte Ongizate Sailak jakinarazi duenez, gainera, hamabost kasu horietatik bi indarkeria sexualak izan dira. Beste hamahiru kasuak, ostera, bikotekideak, bikotekide ohiak edo familiako kideren batek eragindako erasoak izan dira.

Udalak ez du erasotuen jatorriari buruzko daturik eman, baina jakinarazi du horiek Gizarte Ongizate Sailera nork bideratuta iritsi diren. Hain zuzen, beren kabuz zuzendu dira udalera zazpi biktima, eta beste bost familiak zein lagunek bideratuta edo Gizarte Zerbitzuen Sailak detektatuta artatu dituzte. Udal sail horiek Osakidetzarekin hasi dira koordinatzen, eta bide hori probestu dute beste bi lagunek. Aldiz, Ertzaintzak bideratuta lagun bat artatu dute udalean.

AZPEITIA

Urtea hasi zenetik, hamabost indarkeria kasu artatu dituzte Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, nabarmen egin du gora indarkeria matxista kasuen kopuruak. Hain zuzen ere, iaz baino zortzi indarkeria kasu gehiago geratu dira Gizarte Zerbitzuen esku. Azken hiru urteko kopururik altuena ere bada; izan ere, iaz zazpi kasu, 2019an lau eta 2018an hamabi artatu zituzten Azpeitian.

Indarkeria jasan duten hamabost emakume horiek 18 eta 54 urte bitartean dituzte; zortzik 35 baino gutxiago. Batez besteko adina 34 urtekoa da. Jatorriari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritar horietatik sei euskal herritarrak ziren, eta bederatzi atzerritarrak. Hamabost emakume horietatik zazpik jarri dute erasotzailearen kontrako salaketa.

Gizarte Zerbitzuetara jo duten emakumeetatik zazpik indarkeria psikologikoa jasan dute, eta beste seik indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa. Batek sexu erasoa jasan du, eta beste batek indarkeria sexuala.

BEIZAMA

Saiaz gizarte zerbitzuen mankomunitatearen arabera, Beizaman ez dute indarkeria kasurik artatu aurtengo urtean.

ERREZIL

Saiazek jakinarazi duenez, 2021ean indarkeria matxista kasu bat artatu dute Errezilen.

GETARIA

Getarian, herriko Gizarte Zerbitzuek indarkeria matxista kasu baten berri izan zuten 2020an, eta 2021ean, momentuz, beste kasu baten berri izan dute.

ORIO

Orioko Gizarte Zerbitzuetan indarkeria matxista jasan duten sei emakume artatu dituzte aurten; iazkoen erdiak eta duela bi urte baino bat gehiago dira horiek. Gizarte Zerbitzuetara jo dutenetako bik 21 eta 30 urte artean dituzte, beste bik 41 eta 50 urte artean, eta beste bik 51 eta 60 urte artean. Sei emakume horietako bost bertakoak dira, eta bakarra da atzerritarra. Seitik bik indarkeria fisikoa jasan dute, hiruk psikikoa, eta besteak bi eratako indarkeria. Hala ere, erdiek bakarrik jarri dute erasotzailearen kontrako salaketa.

ZARAUTZ

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek herrian gertatutako 28 indarkeria matxista kasuren berri eduki zuten 2020an. Aurten, momentuz, baxuagoa da kopurua; oraingoz, hamalau kasuren berri izan du udal zerbitzuak. Erasoak psikologikoak edo fisikoak izan daitezke, baina jakinarazi dutenez, zenbait kasutan bi indarkeria motak batera gauzatzen dira. Gizarte Zerbitzuek zehaztu dute beste indarkeria motekin alderatuta, sexu abusuen berri izaten dutela gutxien.

Adinari erreparatuta, “denetariko kasuak” daudela diote Gizarte Zerbitzuetako langileek. Horren erakusle da aurten artatutako pertsonarik gazteenak 19 urte zituela, eta helduenak 71. Gehiengoaren adin tartea 30-45 urte ingurukoa dela azaldu dute.

ZESTOA

Zestoako Udal Gizarte Zerbitzuetan aurtengo orain arteko datuen arabera, bi indarkeria matxista kasuren berri izan dute; bata, indarkeria fisiko «larria» izan da, eta bestea, indarkeria psikologikoa. Indarkeria jasan duten emakumeek 28 urte eta 33 urte dituzte. Bata kanpotik Zestoara bizitzera etorritakoa da, eta bestea, berriz, jatorriz bertakoa. Biek jarri dute salaketa, eta urruntze agindua indarrean dute.

Iaz, Zestoako Gizarte Zerbitzuetan artatu zituzten indarkeria matxista jasandako emakumeen kopurua altuagoa izan zen; izan ere, 2020. urtean zazpi indarkeria kasu berri artatu zituzten udalean. Zazpi kasu horietatik gehienek indarkeria psikologikoa jasan zuten; bostek, hain zuzen ere. Udal zerbitzuetan artatutako beste bi kasuak, berriz, indarkeria fisikoa jasandakoak izan ziren. Biktima horien batez besteko adina 38 urtekoa zen: 34, 38, 41, 30, 41, 43 eta 42 urte zituzten indarkeria jasandako emakumeek. Horietatik erdiak baino gehiago ziren jatorriz bertakoak: lau.

ZUMAIA

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek hamalau genero indarkeria kasuren berri izan dute 2021ean. Iazkoaren bikoitza da kopurua. Hamalau emakume horietatik hamabi artatu dituzte gizarte langileek, eta lehenago gertatutako beste sei kasuren jarraipena ere egin dute. Lau kasutan seme-alabak ere tartean daude, eta beraz, horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira.

15 eta 60 urte bitartekoak dira erasoa jasan duten emakumeak. Erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremanari dagokionez, zazpi kasutan ezkonkidea, bikotekidea edo bikotekide ohia izan da erasotzailea; hiru kasutan pertsona ezaguna, eta lautan ezezaguna. Bik indarkeria fisikoa jasan dute, beste lauk indarkeria fisikoa eta psikologikoa, lau emakumek indarkeria psikologikoa eta beste lauk sexu indarkeria. Hamalau emakume horietatik 11k jarri dute erasotzailearen aurkako salaketa.