Ostiralean amaituko da alokairurako dirulaguntza eskatzeko epea

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 24a, 15:00

Telematikoki edo udaletxeko Herritarren Arrera Zerbitzuan aurkeztu beharko dira alokairurako laguntza jasotzeko eskaerak. Dirulaguntzak jasotzeko ezinbestekoa da alokairuaren kontratua edukitzea eta ordainketa banku transferentzia bidez egitea.

Alokairuan bizi diren herritarrei dirulaguntzak eskaintzen dizkie Zumaiako Udalak, beti ere, zenbait baldintza betez gero. Etzira arte, ostirala, izango dute herritarrak eskaerak aurkezteko aukera. Eskaerak telematikoki zein udaletxean bertan aurkeztu ahal izango dira.

Dirulaguntza horiek jasotzeko ezinbestekoa izango da alokairu kontratua edukitzea eta alokairuaren ordainketa banku transferentzia bidez egitea. Oinarri berriekin, dirulaguntza indibiduala izango da, norbere diru-sarrerak soilik hartuko dira kontutan, eta ez bizikidetza unitatearenak.

18 eta 35 urte bitartekoen kasuan, 25.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak izango dira onuradunak. 36 urtetik gorakoen kasuan ere muga 25.000 eurokoa da, baina alokairura bideratzen duten kopurua diru-sarreren %30 baino altuagoa izan beharko da laguntza jasotzeko.  Zumaiako Udalaren webgunean (www.zumaia.eus) aurki daiteke aurkeztu beharreko dokumentazioa. Zalantzak izatekotan, udalarekin harremanetan jarri daiteke, 943-86 50 25 telefono zenbakira deituta.

Honakoak dira aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • Eskabide orria

  • Eskatzailearen Nortasun Agiriaren edo Egoitza Txartelaren kopia

  • Alokairuaren kontratuaren kopia
  • Eskatzailearen eta etxe berean bizi diren pertsonen errolda agiria (udaletxean)

  • Errenta bakun transferentzia edo banku agiri bidez ordaindu izanaren agiria (banketxean)

  • Estatu mailan etxe bizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria (Azpeitiako jabetza erregistroan edo registro.es webgunean). Salbuespenak: Bananduta edo dibortziatuta daudenek, ohiko etxebizitzatik etxegabetu dituztenek, indarkeria matxista jasan dutenek, hondamendiagatik etxebizitza erabili ezin dutenek laguntza eskatu ahal izago dute, horiek egiaztatzeko beharrezko dokumentuak aurkeztuta.

  • Diru sarreren egiaztagiriak: Ogasuna eta finantzak, Azpeitiko Herritarren Arretarako bulegoa eta erregistroaren bulego osagarria: 943 113 000. 

    • Errenta aitorpenaren azken zerga ekitaldiko agiria (Ogasuna)

    • Zerga aitorpen bateratua egin den kasuetan, pertsona fisiko bakoitzaren diru sarrerak egiaztatzeko ziurtagiria (Ogasuna)

    • Zerga aitorpena egiteko derrigortasunik ez dutenen kasuan derrigortasuna ez izatea egiaztatzen duen agiria (Ogasuna)

    • Bekak, prestazioak edo subsidioak jasotzen direnean, horien egiaztagiriak

  • Ikasten egonez gero, ikasketa ofizialen agiria

  • Bananduta, dibortziatuta edo izatezko bikote izateari utzi diotenen kasuan, hori egiarazten duten agirian. Hala badagokio, mantenun pentsioaren ordainketaren ziurtagiriak.