Geoparkean egingo dute mundu mailako interesgune geologikoen aurkezpena

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 23a, 17:42

Zumaia eta Donostia artean egingo dute '100 Global Geosite' mundu mailako interesgune geologikoak aurkezteko ekitaldia, 2022an. Proiektu horren oinarriak finkatu eta erabakitzeko elkartu dira Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko kideak Geoparkean.

Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeak bilera izan du aste honetan Geoparkean, munduko interesgune geologikoen inbentarioa abian jarriko duen proiektuaren oinarriak finkatu eta erabakitzeko. Bilkuran parte hartu dute GZNE Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkargoko idazkari nagusi Stanley Finneyek eta taldeko beste hainbat nazioarteko ordezkariek, eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoak eta GZNEko Nazioarteko Ondare Geologikoarean batzordeko presidenteak.

Prentsa ohar bidez iragarri dute Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo dela mundu mailako 100 Global Geosites-en aurkezpena 2022an. Era berean, IUGSen 60. urteurrena eta UNESCOren Nazioarteko Geozientzia Programaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da. Horiei esker, Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha zientzia-programa garrantzitsu honen irudi eta erreferentzia bihurtuko da.

Asier Hilarioren hitzetan, "ondare geologikoak lurraren memoria gordetzen du eta hori ulertzea ezinbestekoa da egun ditugun ingurumen erronka askori aurre egiteko". Gaineratu du Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordea zuzentzea "ohore bat" dela, “nazioartean geroz eta garapen handiagoa duen arlo honetan erreferente bezala kokatzen gaituelako”. 

Aldundiak, bestalde, eskerrak eman dizkio GZNEri "bere konfiantzagatik eta Gipuzkoan arlo honetan egiten ari garen lana nazioartean zabaltzeagatik". Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuaren arabera, euskal kostaldea natur ondarearen kudeaketan lurralde eredugarria izan behar da mundu mailan, "ondorengo belaunaldiek ere ezagutu eta gozatu ahal izan ditzaten hemengo altxorrak".