Amalur Alvarez: "Euskal Herrian adostasun zabala du erabakitze eskubideak"

Anartz Izagirre 2021ko aza. 23a, 12:59

Gure Eskuk eskualdeko batzarra egingo du gaur, 19:00etan, Azpeitiko Baigera elkartean. Ikasturte berriko erronkez arituko dira Amalur Alvarez (Donostia, 1988) eta Irati Elizalde kideak bertan. Edonork izango du batzarrera joateko aukera.

Zortzi urteko ibilbidea du Gure Esku mugimenduak. Zein puntutan dago orain taldea?

Azken zortzi urte hauetan egindakoa aintzat hartu nahi dugu, eta horrek lotura zuzena du orain egiten dugun planteamenduarekin. Gaur egun, aurretik egindako lanari esker, esan dezakegu erabakitze eskubidea josten egon garela, eta jada Euskal Herrian adostasun handia duen kontzeptu bat dela: hamar herritarretik zazpik erabaki nahi dute. 2019. urtean erabakitze eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera jauzi egin behar genuela esaten hasi ginen, eta erreferenduma gure dinamikaren zein diskurtsoaren erdian jartzen. Hor kokatzen dugu momentu honetan Gure Esku. 2020an pandemiak bete-betean jo gintuen, eta ordutik hona galdera bat izan dugu mahai gainean: testuinguru berri honetan erabakitze eskubideak ba al duen tokirik. Egiten dugun balorazioa da, alde batetik, pandemiak geu ere kolpatu egin gaituela, eta ekintza politikorako nahiz mobilizazioetarako aukera oso gutxi izan ditugula, eta horrek ahuleziak eragin dituela mugimenduan. Baina, bestetik, egia da inoiz baino argiago ikusi dugula erabakitze ahalmena gure esku ez izateak zer-nolako eragina duen; esaterako, gure autogobernu mailaren ahuleziak zeintzuk diren, erabakiak nork, non eta nola hartzen dituen… Iruditzen zaigu testuinguru berri honetan Gure Eskuk baduela tokia, eta erabakitze eskubidea aldarrikatzea berebizikoa dela XXI. mendeko erronkei aurre egiteko.

2022ko uztailean Pirinioetako Bidea deituriko ekimenean parte hartuko duzue. Zer-nolakoa izango da?

Hurrengo urteko uztailean egingo dugu Pirinioetako Bidea. Kataluniarrekin batera, 400 metrotik gorako gailurrak argiztatuko ditugu. Mobilizazio honen helburua da berriro ere giharra edo indarra berreskuratzea, eta horregatik hasi gara herriz herriko batzarrak egiten. Pirinioetan egingo dugun ekimen hau kataluniarrekin egingo dugun urrats bat gehiago izango da, eta helburu politiko argiak ditu. Hiru dimentsiotan kokatzen dugu ekintza hau: Europara begira, ikusten ari garelako erabakitze eskubidearen inguruko olatu berri bat sor daitekeela; Espainiako Estatuari begira, ikusten dugulako garrantzitsua dela erakustea arazo demokratikoa Espainiak duela, eta ez Kataluniak, Euskal Herriak edo Galiziak; eta, noski, Euskal Herrira begira ere bai, zazpi lurraldeak batzen dituelako eta herritarrak aktibatzeko aukera bat izango delako.

Euskal Herrian ikusten al duzu epe motzean independentziaren inguruko galdeketa egiteko aukerarik?

Gure Eskuri ez dagokio hori erabakitzea. Guk lan egiten dugu aukera politikoak sortzeko, eta olatua datorrenean prest harrapatu behar gaitu horretarako, ahalduntze demokratiko maila altu batekin, kultura demokratiko batekin… adostasun zabaletara iristeko gai izan behar dugu. Noiz etorriko diren aukera horiek? Geroz eta herritar gehiago izan aldarrikapen horietan, orduan eta azkarrago iritsiko dira. Garrantzitsua iruditzen zaigu talde parlamentarioekin aukera instituzionalak irekitzea ere, ez kalean mobilizatzea soilik. Bidea elkarrekin egin nahi dugu, iruditzen zaigulako instituzioek paper garrantzitsua dutela erabakitze eskubidean, batez ere berme eta baldintza politiko nahiz juridikoekin erabaki nahi badugu. Aldi berean, argi ari gara esaten ez garela zain egongo. Galdeketa epe nahiko motzean egin daitekeela iruditzen zaigu, edo guk behintzat lan egingo dugu hori hala izan dadin.

Nola sumatzen duzu gaur-gaurkoz euskal gizartea erabakitze eskubidearen alde borrokatzeko?

Herritarren %70 erabakitze eskubidearen alde dago, eta hor adostasun zabala dago. Une honetan herritarrak aktibo eta mobilizatuta daudela? Hori asko esatea da. Batez ere jendea mobilizatzeko oso egoera konplexua izan direlako azken bi urteak. Baina horregatik iruditzen zaigu ikasturte hau gakoa dela zentzu horretan. Orain, batzarrez batzar herritarrekin elkartzen ari garenean, nabaritzen dugu konbentzituta daudela erabakitze eskubidea gauzatu nahi dutela. Pirinioetako Bidean berriro ere indar bat berreskuratzeko aukera garbi bat ikusten dugu.

Europan ere badira antzeko prozesuak. Eskozian, esaterako, bigarren erreferendum bat agindu zuen Nicola Sturgeon ministroak. Horrek lagundu al dezake Euskal Herrian gauza bera lortzen?

Procesaren harira biderkatu egin dira kataluniarrekin ditugun bilerak eta komunikazioa, eta harreman estua dugu hango eragileekin eta instituzioekin. Pirinioetako Bidearen inguruan ia bi urte daramatzagu bilerak egiten, halako ekimen batek elkarlana eskatzen duelako. Eskoziari dagokionez, bai han bai beste edonon halako prozesu demokratiko bat egiteak aukerak irekitzen dizkigu, batez ere parametro demokratikoetan kokatzen laguntzen digulako. Espainiako Estatuko testuingurua Erresuma Batukoarekin alderatzen badugu, adibidez, nahiz eta Boris Johnsonek orain ezezko biribila eman, badaki ezingo duela ezezko hori betirako mantendu. Erresuma Batuan aitortza eta balio demokratiko batzuk daude Espainiako Estatuan ez daudenak, eta horrek laguntzen digu irudikatzen ez gaudela utopia batean pentsatzen, baizik eta prozesu demokratikoak direla. Gauza asko ikasi ditugu prozesu horietatik, egin behar direnak eta ez direnak.