Azaroaren 25a

Genero indarkeriarekin lotutako hamalau kasuren berri izan du udalak 2021. urtean

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 25a, 08:27

Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, 2021. urte honetan genero indarkeriarekin lotutako hamalau kasuren berri izan du. Horiez gain, aurrez gertatutako sei kasuren jarraipena egin duela ere azaldu du.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da osteguna. Horren atarian, 2021. urtean zehar ezagutu dituen genero indarkeria kasuen berri eman du Zumaiako Udalak.

Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Berdintasun Sailak bildutako datuen arabera, hamalau genero indarkeria kasuren berri izan dute 2021ean. Iaz jakindako kopuruaren bikoitza dela azaldu du udalak. Hamalau emakume horietatik hamabi artatu dituzte gizarte langileek. Horiez gain, lehenago gertatutako sei kasuren jarraipena ere egin dute Gizarte Zerbitzuek. Lau kasutan seme-alabak ere tartean egon dira. "Horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira", azpimarratu du udalak.

"Indakeria matxistak ez du adin konkreturik, eta edozein emakumeri egin diezaiekete eraso", dio udalak. Horren erakusle da erasotuen adina, 15 eta 60 urte bitartekoak baitira erasoa jasan duten emakumeak. "Askotan adineko emakumeen indarkeria kasuak ezkutuan geratzen dira, eta beharrezkoa da errealitate hori ere mahai gainean jartzea".

Erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremanari dagokionez, tipologia desberdinak atzeman daitezke, datu hauen arabera. Zazpi kasutan ezkontidea, bikotea edo bikote ohia izan da erasotzailea; hiru kasutan pertsona ezaguna; eta lautan ezezaguna. "Ikus daitekeenez, gehienetan emakumeek gertuko gizonengandik jasaten dituzte erasoak. Edonola ere azpimarratzekoa da aurreko urteko datuekin alderatuta ezezagunek egindako erasoen kopuruak gora egin duela".

Indarkeria motari dagokionez, bi emakumek indarkeria fisikoa jasan dute, lauk indarkeria fisikoa zein psikologikoa, lau emakumek indarkeri psikologikoa, eta beste lauk sexu indarkeria. Hamalau emakume horietatik 11k jarri zuten salaketa formala, Gizarte Zerbitzuek dituzten datuen arabera. Horren harira, Gizarte Zerbitzuen arreta jasotzeko salaketa formala jartzea beharrezkoa ez dela nabarmendu du udalak.

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Ertzaintzak dituzten datuak berdinak ez direla ere azaldu du udala ohar honetan. "Ertzaintzaren datuen arabera, zortzi izan dira kasuak, baina ez dute kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik. Horrek adierazten du instituzioen arteko elkarlanean pauso asko daudela emateko".

Udalaren irakurketa

"Kasu bakarra asko litzateke", dio udalak datu hauen inguruan eta, oro har, indarkeria matxiataren inguruan egindako irakurketak. Indarkeria matxistako kasu gehienak instituzioetara heltzen ez direla ere azpimarratu nahi izan du udalak.

Irakurketa honetan, indarkeria matxistaren "egiturazko izaera" azpimarratu du. "Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira. Indarkeria matxista izeberg baten antzekoa da: erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeok bizi dituzten mila eraso ezberdinek osatzen dute".

Indarkeria matxistari aurre egitea "denon ardura" dela nabarmendu du udalak. "Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da".

Ostegunean, azaroaren 25ean, egingo diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu udalak herritarrak, baita mugimendu feministak egun horretan bertan egingo duen elkarretaratzera ere.