COVID ziurtagiria ezartzearen aurka egin du EAEko Auzitegi Nagusiak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 22a, 16:33

Beraz, erakundeak nahi zuenaren kontrara, aisialdirako eta dantzarako lekuetan ez dute eskatuko ziurtagiria. Jaurlaritzak hiru eguneko epea du erabakiaren aurkako errekurtsoa Espainiako Auzitegi Gorenean aurkezteko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tokitan COVID ziurtagiria ezartzeko baimena ukatu dio EAEko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzari. Joan den astean egin zuen ziurtagiriaren erabilera baimentzeko eskaera Jaurlaritzak, eta gaur jaso du ezezkoa. Beraz, erakundeak nahi zuenaren kontrara, aisialdirako eta dantzarako lekuetan –diskotekak, dantzalekuak, ikuskizunak eskaintzen dituzten lekuak, tabernetan karaoketten, 50 lagun baino gehiagorentzat lekua zen jatetxeetan, pub eta taberna berezietan– ez dute eskatuko ziurtagiria.

Eusko Jaurlaritzak adierazi zuenez, ziurtagiriaren neurria ezartzea “beharrezkoa” da “birusaren transmisio komunitarioko beste olatu bat eteteko eta herritar guztien txertaketa sustatzeko”. Erakundeak eskaera egin ostean, joan zen ostiralean neurri horren aldeko txostena aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak. Dena den, gaur erabakiaren kontra agertu da Auzitegi Nagusia; 09:30ean hasita aritu dira eztabaidatzen auzitegiko magistratuak. Orain, datoren hiru egunetan, Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkezteko aukera du Jaurlaritzak.

Nafarroako Gobernua ere ziurtagiriaren erabilera baimena eskatzekoa da datozen egunetan; Ipar Euskal Herrian, berriz, hilabeteak dira tabernetara nahiz jatetxeetara sartzeko, kultur ekintzetara joateko nahiz kirol instalazioak erabiltzeko ziurtagiria behar dela. Frantziako Gobernuak azaldu zuenez, datorren urteko uztailaren 31ra arte, behintzat, indarrean izango da ziurtagiriaren erabilera neurria.