2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioa

Julene Frantzesena 2021ko aza. 22a, 16:00

Zapatuan aurkeztu zuten egitasmoa Iruñean, eta aurki hasiko dira herrietako batzordeak datorren urteko Euskaraldia antolatzen. Hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako egitasmoak proposamen berriak egingo ditu datorren urtean, nahiz eta ahobizi eta belarriprest rolei nahiz ariguneei heldu egingo dien.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da Euskaraldiaren hurrengo edizioa, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Zapatuan aurkeztu zuten egitasmoa Iruñean, eta aurki hasiko dira herrietako batzordeak datorren urteko Euskaraldia antolatzen.

Aurreko bi edizioetako ondorioetan oinarrituta, Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu dituzten haren antolatzaileek. Horiek aurreratu dutenez, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako egitasmoak proposamen berriak egingo ditu, nahiz eta ahobizi eta belarriprest rolei nahiz ariguneei heldu egingo dien. Euskaraldiaren xedea da herritarrek hizkuntza ohiturak aldatzeko tresna eraginkorra izatea.

Euskaraldiaren sustatzaileen arabera, iazko azaroan eta abenduan egindako Euskaraldian eragin "nabarmena" izan zuen COVID-19aren pandemiak, eta eragin hori euskararen gizarteratzean nahiz kale presentzia areagotu egin dela uste dute. Hori dela eta, 2022ko Euskaraldia mugarria izatea nahi dute: batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan; eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten.