Goikoetxeak eta Lekerikak irabazi dute Munduko Kopa

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 21a, 10:56

Iñaki Osa Goikoetxea eta Lekerika dira Munduko zesta punta Kopako irabazleak, atzo gauean jokatutako finalean Erkiagari eta Imanol Lopezi bi setetan irabazi ondoren. 

Amaitu da Mexikoko Toluca hirian jokatutako Munduko zesta punta Kopa. Jakina zen zumaiar bat igoko zela podiumeko goiko mailara, bi herritar neurtuko zirelako finalean. Baina bietatik nork lortuko zuen Munduko Kopa irabaztea? Imanol Lopezek? Edo Iñaki Osa Goikoetxeak?

Giro bikaina izan zen Tolucako Zinacantepec frontoian; harmailak ia bete egin ziren, eta bertaratu zirenak gogotsu zeuden ikuskizun ederra dastatzeko. Goikoetxea izan zen finaleko protagonista. 41 urterekin oraindik forman dagoela erakutsi du beste behin. Ez du orain urte batzuetako indarra izango, baina finalean pilota bizi bat aurkitu zuen, eta harekin min handia egin zien aurkariei. Lehen setean 10-8 ari ziren galtzen, baina pilota azkar harekin sei tanto jarraian eginda 10-14 jarri ziren aurretik. Lekerikak egin zuen seteko azken tantoa, hamabosgarrena, eta 10-15 emaitzarekin irabazi zuten urdinek lehen seta. 

Erkiaga eta Lopez aurretik jarri ziren bigarren setean (6-3, 7-4), baina Goikoetxeak eta Lekerikak seina, zortzina eta hamarna bedintzea lortu zuten. Handik aurrera ihes egin zuten markagailuan. Lekerikak ere lan bikaina egin zuen, eta 10-14 jarri ziren aurretik. Erkiagak eta Lopezek beste bi tanto egin zituzten, baina azken tantoa Goikoetxeak egi zuen. 12-15 emaitzarekin bukatu zen seta, eta partida.