Bandalismoa Zumaian

Herritarren txokoa 2021ko aza. 22a, 09:00

Bere autoari eta inguruan zeuden beste hogeitik gora kotxeri margoketak egin dizkietela salatu nahi izan du herritar batek txoko honetan. 

Honela dio Baleikeri bidali dion oharrak:

"Joan den astelehenean Itzurun parean aparkatu nuen autoa, arratsaldeko 5:30 inguruan. Autoa berriro hartu nuenean, 20:30ean, kapoan spray-marra gorri bat zuela ikusi nuen. Harridura eta haserrea sentitu nuen, hori izan zen nire lehen erreakzioa. Autoaren inguruan begiratzean konturatu nintzen inguruko kotxeak ere margotuta zeudela, ez marra bakarrarekin, kasu batzuetan bi marrarekin ere bai. Guztira 25 auto inguru izango ziren.

Berehala deitu nien udaltzainei, eta argazkiak eta datuak hartu zituzten. Komisarian salaketa jartzeko esan zidaten, baina gauza handirik espero ez izateko ere esan zidaten, normalean ez baita ezer egiten. Hau entzutean, gertaera jakitera ematea besterik ez zait geratzen. Nik eta beste hainbatek ordainduko dugu, seguruenik, baina jende asko mugiarazten dute ganberro hauek: politikariak, poliziak, karrozeroak, aseguruak, kazetariak... Errurik izan gabe ordaindu beharko dugu, eta baldarkeriaren egilea lasai-lasai joango da".