San Pedro Abesbatzak eta txistulariek gogoan izan dute Xixili

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 20a, 16:10

Datorren astelehena, azaroak 22, da Xixili Eguna. Musikarien zaindaria gogoan ari dira izaten, beste behin, Zumaiako musikariak.

Azken urteotan –iazko hutsartea kontuan izan gabe– ekitaldi sorta antolatu da Zumaian Xixili Egunaren harira. Zumaiako Musika Bandaren kontzertuarekin hasi zen pasa den igandean Xixiliren Aitzakian ekitaldi sorta, eta astean zehar Zumaiako Musika eta Dantza Eskolaren bi entzunaldi izan dira herrian. 

Gaur Txistulari Bandak eta San Pedro Abesbatzak hartu dute lekukoa. Ubillos Jauregitik abiatuta, kalejira egin dute goiz partean txistulariek, Joseba Iñaki Egaña Bidasorok zuzenduta.

Hauek bukatu, eta San Pedro Abesbatzaren txanda izan da. Kontzertu ibiltaria egin du Amaia Aldalurrek zuzendutako taldeak. San Juan Egoitzan hasi du emanaldi berezi hau, eta handik Otezuri zentrora joan dira. Bietan ere pozik utzi dituzte bi zentroetako egoilar zein langileak. Herrian zehar jarraitu dute gero kantuan.