Zumaia eta Getaria arteko pasealekuaren proiektua idazteko partida jasoko dute Espainiako aurrekontuetan

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 19a, 15:03

Aurrekontuetatik 150.000 euro bideratuko dira bi udalerrien arteko pasealekua egiteko proiektua idaztera, Gipuzkoako EAJk adierazi duenez.

Estatuko Aurrekontu Orokorretan jeltzaleen 41 zuzenketa partzial onartu dituzte, tartean, euskal itsasertzeko proiektuetarako partidak. Horietako bat da Zumaia eta Getaria arteko oinezkoen pasealekuaren proiektua idaztera bideratuko diren 150.000 euroena, Joseba Agirretxea EAJren diputatuak azaldu duenez. 

Jeltzaleek gaineratu dute oinezkoen pasealekua bi udalerriek luzaroan eskatutako proiektua dela, eta, "gauzatzen hasiko dela" ikusita, pozik agertu dira EAJren Zumaiako eta Getariako udal taldeko Oier Korta eta Aitor Urresti.

Bi herrien arteko pasealekua egiteko diru partida honen berri ea bazekien galdetuta, Getariako Udalak "jakinarazpen ofizialik" ez duela jaso azaldu du, baina jakinaren gainean zirela Madrilen horren inguruan hitz egiten ari zirela. Zumaiako Udalak, berriz, "berri pozgarri" bezala ikusten du. "Izan ere, Udal gobernuak beste edozein talde politikok edozein instituzioetan adostutako eta Zumairako ona den edozein ekimen babesten du". Kongresuko bozketan EHBilduk baiezkoa bozkatu zuela ere gaineratu du.