Goikoetxea eta Lopez aurrez aurre izango dira Munduko Kopako finalean

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 19a, 13:12
Goikoetxea eta Lekerika. (Argazkia: Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioa)

Bi zumaiar aurrez aurre izango dira Mexikon jokatzen ari diren zesta puntako Munduko Kopako finalean. Goikoetxea-Lekerika, eta Erkiaga-Lopez nagusi izan ziren beraien finalerdietan, eta txapelketako finala jokatuko dute. 

Munduko zesta punta Kopako finalerdiak jokatu ziren atzo Tolucako Zinacantepec frontoian. Espainiako eta Frantziako selekzioak ziren aurrez aurre, nolabait esatearren. Izan ere, finalerdietara heldutako zortzi pilotarietatik zazpi euskal herritarrak ziren.

Bi norgehiagoketan ere hirugarren seta jokatu behar izan zuten finalera heldukoo ziren bi bikoteak erabakitzeko. 

Lehen partidan, Iñaki Osa Goikoetxea eta Lekerika, Ithurria eta Inzaren aurka neurtu ziren. Frantziako selekzioko ordezkariek irabazi zuten lehen seta (13-15), baina Goikoetxea eta Lekerika nagusi izan ziren bigarrenean (15-8); partida erabakiko zuen set laburra gorriz aritu ziren Goikoetxeak eta Lekerikak irabazi zuten, 10-5 emaitzarekin.

Erkiaga-Lopez eta Olharan-Basque bikoteak izan ziren aurrez aurre bigarren norgehiagokan. Erkiaga eta Lopez aurreratu ziren markagailuan lehen seta 15-12 irabazita; bigarrenean frantziarrak izan ziren nagusi (10-15), eta hirugarren seta Erkiaga eta Lopezen zorrora erori zen (10-6).

Gaur jokatuko da hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, eta bihar Munduko Kopako final handia.