Automozioa, martxa igo ezinik

Juan Luis Romatet | Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 19a, 09:33

Autoen ekoizpen eta salmentan diharduten enpresek ez dute egoera gozoa bizi hilotan. GKN enpresan eta Ford Aginaga kontzesionarioan erruz igarri dute jaitsiera.

Hamaika sektore ezegonkortu dira COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, eta zenbaiti bereziki erasan die egoera ekonomiko ezegonkorrak. Automozioa, esaterako, bi motatako faktoreek baldintzatu dute: pandemia garaiko eskari urriek eta mikrotxip faltak.

Autoen fabrikatzaileentzat transmisioak egiten dituen GKNko lantegiko langileen arduradun June Alberdik jakitera eman duenez, beren bezeroek ezin dituzte autoak produzitu, ondorioz, ez da eskaerarik iristen Zumaiako lantokira. "Guk GKN taldeko beste enpresentzako egiten dugu lan, ez dugu zuzenean saltzen, eta taldeko beste enpresek ezin badute produzitu mikrotxipak falta direlako, horrek eragin zuzena du Zumaiako enpresaren fakturazioan".

Konfinamenduaren osteko hilabeteak lantokiarentzat onak izan zirela azaldu du Alberdik: "Urte amaiera ona izan zen eta urte hasiera ere bai; urtarrilean eta otsailean izan genuen lana, baina apirilean jaisten hasi zen, gutxitzen".

Krisialdia azkar igaroko zela pentsatzen zuten, eta langileei "oporrak hartzeko" eskatu zietela dio Alberdik. Egoera hura luzatu egin zen, ordea. "Hasieran oporrak eta hartzeko zituzten orduak hartzeko eskatu genien langileei, baina egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, beste irtenbideren bat aurkitzen saiatu ginen".

Batzordearekin akordioa

Aldi baterako lana erregulatzeko espedienteak ziren aukeretako bat, eta langileekin akordio batera heltzea bestea. Azken horren aldeko hautua egin zuten, eta enpresa hilean gehienez lau egunez ixteko akordiora heldu ziren langileen batzordearekin, Alberdiren arabera. Horrek, noski, eragina izan zuen langileen soldatetan. Irailean sinatu zuten akordioa, baina egoerak ez zuen hobera egiten, eta aurreikusi zuten lana are gehiago jaitsko zitzaiela.  Hori horrela, bigarren akordio batera heldu ziren batzordearekin, eta ondorioz, gehienez ere hilean sei egunez egongo da itxita enpresa. "Ez da lan falta dagoela. Konfinamendu garaian bai, orduan lan falta zegoen. Hemen ikusten genuen bazegoela lana, baina atzeratzen zihoala mikrotxipik ez zegoelako". 

Abendua heltzear den honetan, ez du hobera egin egoerak. Horregatik, akordio berri baterako negoziazioari ekingo dio enpresak laster. Akordio berriak 2022a "osorik" hartuko duela azaldu du Alberdik. "Lana ez da desagertu, atzeratu egin da, eta arazoa ez da gurea bakarrik, orokorra da".

Zumaiako enpresak 400 langile ditu gaur egun, eta era batera edo bestera denei eragin die krisialdiak. Ekoizpeneko lantokikoei gehiago, baina baita ingeniaritzakoei ere. "Azkenean, denok bat gara eta denoi eragiten digu arazoak". Ekainerako egoera hobetuko denaren esperantza daukatela dio Alberdik, baina kontua "hilero, astero" aldatzen denez, aurreikuspen handirik ezin dute egin.

Kontzesionarioak ere larri

Beste hainbat sektoreren moduan, katea da automozioa, eta prozesuko azken katebegia dira kontzesionarioak. Horiek ere ondorioak pairatzen ari dira. Zarauzko Ford Aginaga kontzesionarioko Mikel Aginagak dio stock-ean ez dutela autorik une honetan, eta ez dakitela noiz iritsiko zaizkien enkargatuta dituzten ibilgailu berriak. "Notizia izaten da jakiten dugunean, ordenagailuan agertzen zaigunean kotxea egin dutela", dio. 

Mikrotxipen arazoa ez da orain kolpera sortu den arazo bat, Aginagaren arabera. Azaldu du mikrotxip horiek egiten dituzten oso enpresa gutxi daudela, eta lehen ere "nahiko estu eta larri" ibiltzen zirela auto fabrikak hornitzeko. "Pandemia garaian lehertu egin da kontua, baina lehendik ere bazetorren". Gaineratu du mikrotxipak egiten dituen enpresetako batek su hartu zuela, eta horrek ere ez duela lagundu.

Aginagak azaldu duenez, Asian fabrikatzen dituzte txipak, baina horiek egiteko makinak Holandan egiten dituzte. "Eta galdetzen diozu zeure buruari: ‘zergatik ez dituzte hemen egiten mikrotxipak, makinaria hemen badago?’". Bere arabera, badabiltza enpresa bat martxan jarri nahian, "baina denbora beharko dute, ez da hilabete pare bateko kontua izango".

Bigarren eskukoak, gora

Bien bitartean, eskualdeko kontzesionarioak –gainontzekoen moduan–, autoak ezin salduta dabiltza. Aginagak gaineratu du Euskal Herrian enpresa asko daudela autoen fabrikanteak piezekin hornitzen dituztenak, eta horiek lan geldialdiak egin behar dituztela halabeharrez. "Azken finean, kate bat da, eta atzetik dihoazen horiek, bada...".

Aginagak gaineratu du asko hasi direla bigarren eskuko ibilgailuak saltzen, jendeak kotxe berririk erosi ezin duelako. "Posible da ikustea bigarren eskuko auto bat, berria baino garestiagoa. Hori gertatzen ari da", dio.

Berari gertatutako kasuren baten berri ere eman du: auto berriak 18.000 euro balio zituen, eta erabilitakoak 19.000 euro. Erosleak, logikoa den moduan, berria erostea aukeratu zuen, baina zortzi hilabete itxaron beharko zituela esandakoan, erabilitakoaren aldeko hautua egin zuen.

Kontzesionarioko erakustokian jartzeko ere ez zaio ibilgailurik iristen, fabrikanteek bezeroentzat soilik egiten baitituzte. Aginagak ez dio usain onik hartzen kontuari, eta egoera are gehiago ilunduko dela uste du. "Espero dut oker egotea, baina...". Oraingoz, eskaeren epeak berriro ere betetzen direla ikusten hastea nahi du lehenbailehen. "Ea zulo honetatik ateratzen garen" esanez amaitu ditu adierazpenak kontzesionarioko langileak.