Munduko Kopako finalerdiak jokatuko dituzte Lopezek eta Goikoetxeak

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 18a, 11:55

Mexikon ari dira jokatzen Munduko zesta punta kopa. Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu dute, eta hala erabakita geratu da zer bikotek jokatuko dituzten finalerdiak

Espero bezala, Frantziako eta Espainiako selekzioak neurtuko dira Munduko Kopako finalerdietan. Jokatuko duten zortzi pilotaritatik zazpi Euskal Herritarrak dira; Olharan, berriz, Bearnokoa bada ere, Nafarroa Behereko arbasoak ditu. Finalerdietan arituko dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez zumaiarrak.

Eguneko bigarren partidan aritu da Iñaki Osa Goikoetxea pilotari zumaiarra. Unai Lekerikabeaskoarekin bikotea osatuta, bi setetan irabazi diete Daniel Inclan eta Pepe Perez mexikarrei: 15-10 eta 15-4.

Lehen norgehiagokan, Frantziako selekzioarekin ari diren Kevin Ithurriak eta Txabi Inzak 15-10 eta 15-5 emaitzarekin irabazi diete Karim Alcocer eta Mauricio Zapata mexikarrei.

Finalerdietako lehen partidan Erkiaga eta Lopez Olharan eta Basqueren aurka arituko dira, eta bigarrenean Ithurria eta Inza Goikoetxea eta Lekerikaren aurka. Partidak gaur jokatuko dira, 23:00etatik aurrera (Euskal Herriko orduan).