"Swimrunak badu kutsu abenturazalea"

Felix Aizpurua | Juan Luis Romatet 2021ko aza. 17a, 20:00

Igeriketa eta korrika saioak uztartzen ditu, baina swimruna ez da duatloi normal bat. Urriaren 23an Gironan (Herrialde Katalanak) egin zen Cap de Creus swimrunean izan ziren Joseba Amilibia (Zumaia, 1977) eta Nekane Agirre (Azpeitia, 1979), eta kirol honi buruz hitz egin dute.

Swimruna ez da duatloi soila. Zer kirol mota da?

Nekane Agirre: Korrika eta igeriketa uztartzen ditu, baina txandakatzen zoaz. Korrika hasten zara, baina metro batzuetara igeriketa saioa duzu; handik atera eta korrika jarraitzen duzu... Nonbaitetik abiatzen zara, eta beste puntu batean amaitu behar duzu, beti ere, soinean duzunarekin; bidean ezin duzu arropa aldatu ez ezer hartu.

Joseba Amilibia: Distantziak ez dira laburrak, baina txandakatzen joanda eramangarriagoa egiten da. Bitxikeria moduan, azken proba honetara korrikarik egin gabe joan ginen biok. Baina, pentsatzen genuen proba egiteko gai ginela. Mendian izanda ere, tarte batzuk lasaiago hartzeko aukera ematen zigun. Azkenean dena ondo atera zitzaigun; ez genuen inongo minik izan.

Nola ezagutu zenuten kirol hau?

N.A.: Mediterraneoan oporretan geundela swimrun proba baten iragarkia ikusi genuen. “Zapatilekin igeri egiten duzu, eta neoprenoarekin korrika” mezua zeraman. 

J.A.: Ez genuen ulertzen zer kirol mota zen. Gero, bideo bat ikusi genuen, eta Nekanek esan zuen: “hau egin behar dugu!”. Berak, orduan, korrika egiten zuen, baina horren ondorioz hasi zen berriro igeriketan eta korrikan, eta gurekin, triatloi taldearekin jarraitu zuen. COVID-19a dela eta proba beraren berezitasunak direla eta, bakarra genuen eginda, 2017an, Landan (Araban).

Zer jatorri du kirol honek?

J.A.: Stockholmen (Suedia) sortu zen, eta sorreraren inguruko bi bertsio daude. Bertsio baten arabera, hotel bateko jabeak bere langileei lasterketa bat proposatu zien: Stockholm inguruan irla mordoa dago, eta ura zegoen lekuan igeri egin behar zuten, eta lehorrean korrika. Beste bertsioak dio hiru lagun elkartu zirela, eta apustu moduan planteatu zutela bazkari baten ondoren: bidean aurkituko zituzten jatetxeetan jango zuten, eta azkena heltzen zenak ordainduko zuen faktura. Azken bertsio hau gehiago sinesten dut!

Zer distantziatan korritzen da swimruna?

J.A.: Normalean hiru distantzia izaten dira, triatloiaren antzera.  Short izenekoa dago –orain gutxi sortu dena– 10 kilometro ingurukoa; maratoi erdiaren parekoa bestea, eta distantzia luzekoa, maratoiaren antzerakoa, hirugarrena. Guk Gironan egin genuenak 18 kilometro zituen korrika, eta bost igerian. Normalean %80 korrika egiten da, eta beste %20 igerian. Gironakoan hamabost aldiz txandakatu genituen bi modalitateak.

Bikoteka egiten den kirola da.

J.A.: Berez, bai. Gehienbat segurtasun kontuengatik. Parte hartu genuen lehen probaren aurretik esan ziguten benda bat eraman behar genuela, txilibito bana uretan zerbait gertatzen bazitzaigun jotzeko, eta txip bat. Orientazioa ere landu behar duzu; ibilbidea markatuta dago, baina ez dago boluntariorik bidean. Mendian galtzen bazara; 200-500 metroan markarik ez baduzu ikusten, seinale galdu zarela; bidean atzera egitea gomendatzen dute berriro markak aurkitu arte. Horrek badu bere xarma, ez da zoroen moduan korrika egitea bakarrik.

N.A.: Hasiera batean binaka egiten ziren probak, baina orain ikusten ari gara banakakoak ere egiten direla, gehienbat sprint distantzia sortu dutenetik.

Zer material erabiltzen duzue kirol hau praktikatzeko?

J.A.: Mendian korrika egiteko mendiko zapatila batzuk; berez ez zenuke besterik beharko. Igeriketarako, berriz, betaurrekoak, txanoa eta neoprenoa, uraren tenperatura jasateko. Hor dago gakoa, soinean duzunarekin egin behar duzulako proba guztia. Kirol hau zabaltzen doa, eta espresuki egindako neoprenoak ere sortu dituzte.

Non dago zailtasunik handiena? Zer modalitatetan?

N.A.: Bakoitzari berea. Jendeak dio igeriketa zailagoa dela, baina ni igeriketan aritu naiz, eta ez batere zaila egiten. Egia da triatloi batean, adibidez, behin bizikletatik jaitsita, oinak landu behar dituzula. Hemen ez dago arazo hori; korrika egiten duzu, eta gero igerian deskantsatu. Behin korrika berriro hasita freskoago zaude.

J.A.: Uraren tenperaturan egon daiteke arrisku pixka bat. Izan da jendea erretiratu dena hipotermia puntu batekin. 

N.A.: Niri justu kontrakoa gertatu zitzaidan. Lehen zatia 2,7 kilometroko korrika saioa zen, neoprenoa luzearekin nenbilen, eta uretan sartzerakoan ezin nuen ia arnasarik hartu. Baina ondo jantzita joan nintzen, eta proba ondo bukatu nuen. 

J.A.: Baina, igeriketan, eskuetako palekin aritu behar baduzu, bai eskatzen duela prestakuntza bat. Normalean distantzia laburreko igeriketa saioak izaten dira, 200-300 metrokoak. Hemen kilometro luzeko bi sekzio zeuden, eta azkenean ezin nuen jarraitu.

N.A.: Entrenatzen aritu nintzen, mila metroko saioak egiten. 

J.A.: Mendian txarra bazara, lasaiago hartu dezakezu. Baina, igerian txarra bazara, hori handicap handia bihurtzen da.

Zer perfileko jendeak hartzen du parte proba hauetan?

J.A.: Elite mailan ibilitako jendea ikusi izan dugu. Lehen postuetan, normalean, jende ezaguna ibiltzen da. Perfil bezala, jende beteranoa ibiltzen da, 40 urte ingurukoa. Gero, agian bikoteka egin daitekeelako, edo gustagarriagoa delako, beste kirol batzuetan baino emakume gehiago ibiltzen da.

N.A.: Gazteak ere hasi dira parte hartzen. Kirola ezagunagoa den honetan, kirolari gazteak ere hasi dira parte hartzen.

J.A.: Kirol honek badu abentura kutsua, eta bikoteka izanda, badu bien arteko lehia sanoa ere.

2017an egin zenuten lehen proba, aurten bigarrena. Beste lau urte pasako al dira hurrengorako?

N.A.: Ezta pentsatu ere! Miarritzeko proba dago, eta uste dut Zumaiako triatloiaren egun berean dela. Baina, aurten hara joango gara!