Energia komunitatea sortzeko informazio saioa egingo du asteartean herritar talde batek

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 17a, 15:00

Alondegiko Oxford aretoan elkartuko dira, hilaren 23an, 18:30ean. Energia komunitateak zer diren, zer helburu dituzten eta nola funtzionatzen duten azalduko du herritar talde batek. Hortik abiatuta, Zumaian energia komunitate bat sortzea izango da asmoa.

Energia komunitateei eta herrian horietako bat sortzeko aukerari buruzko hitzaldia izango da Zumaian hilaren 23an, asteartea. Energia merkatuaren ziurgabetasunaz arduratutako herritar talde batek antolatu du solasaldia. Hedabide honetara bidalitako oharraren arabera, hilabeteak daramatzate horren inguruan hausnartzen, eta "zaharkitutako ereduaren aurrean alternatibak" bilatu nahi dituzte.

Europar Batasunaren hitzetan, energia komunitatea zer den azaldu nahi izan dute: "Pertsonak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak biltzen dituen erakunde juridikoak dira; elkarrekin, energia berriztagarriak (elektrizitatea, beroa eta hotza), eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta abar sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua dutenak; hori guztia gertuko onura soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bilatuz". Energia komunitatea sortzeko aukera aztertzen aritu da herritar taldea. Azaldu dute komunitate hori parte hartzailea, independentea, librea, horizontala eta demokratikoa izango dela. Bestetik, energiak guztiona eta guztiontzat izan behar duela uste dute. "Ez digute balio erregai fosilen erabilera iraunarazten duten energia-ereduek, eta, bereziki, pertsonengan oinarritzen ez diren praktikek", gaineratu dute. 

Energia komunitatea helburu

Zumaiatik energiaren gaiari heldu nahi diote, gizarte "ahaldundua, bidezkoagoa, solidarioagoa eta ingurumena errespetatzen duena" izan dadin. Horretarako, dei egin diete zumaiar guztiei hilaren 23ko hizketaldira, energia komunitateak zer diren, zer helburu dituzten eta nola funtzionatzen duten azalduko baitute bertan. Hortik abiatuta, energia komunitate bat sortzea izango da saioaren helburua. 

Alondegiko Oxford aretoan elkartuko dira, 18:30ean. Bertaratu ezin dutenek baina proiektuari jarraipena eman nahi diotenek izango dute horretarako aukera, https://labur.eus/zumaiaenergia helbidean izena emanda.