Eremu horian sartu da Zumaia

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 15a, 15:58

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko txostena, eta horren arabera, Zumaia eremu horian sartu da. 111,94 puntuko intzidentzia tasa du gaur gaurkoz herriak.

Jaurlaritzak emandako daguen arabera, Azpeitia da eremu gorrian dagoen Urola Kosta eskualdeko udalerri bakarra; 880,42ko intzidentzia tasa du gaur-gaurkoz. Datuei erreparatuta, astebetean 71 kutsatze berri izan ditu guztira. Gipuzkoan, Azpeitiaz gain, beste bost udalerri daude eremu gorrian: Astigarraga, Segura, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga.

5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainerako herrietan ere ezin da esan lasaitasuna nagusi denik. Guztiak eremu horian daude sartuta: Azkoitian 233,66ko tasarekin, Orion 260,93koarekin, Zarautzen 261,28koarekin eta Zumaian 111,94koarekin. Gainerako herriek, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenez, Jaurlaritzak ez ditu koloreetako eremuetan sartzen, baina Getariak eta Aizarnazabalek, esaterako, 1.554,77ko eta 910eko tasak dituzte, hurrenez hurren.

Jaurlaritzak murrizketak iragarri dituzte koronabirus kasu gehien dituzten herrientzat; hau da, eremu gorrian daudenetan. Aipatu neurrien berri bihar emango du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ondoren, baina aurreratu dute jende pilaketak saihestea xede duten neurriak izango direla.

Gorakako joera

Hego Euskal Herrian nabarmena izaten ari da gorakako joera; izan ere, astebetean atzemandako positibo kopurua 2.644 izan da. Atzo 5.480 proba egin zituzten, eta guztira 439 positibo detektatu zituzten. Lurraldeka, Gipuzkoan baieztatu dituzte kasu berri gehien: 160. Bizkaian 133 izan dira, Nafarroan 130 eta Araban hamar. Uneotan COVID-19ak jotako 114 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan, horietatik 30 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Nafarroan 43 dira ospitaletan daudenak, eta horietatik zortzi ZIUn daude.