Egoitzetara bueltan da Adin Adin programa

San Juan egoitzaren kanpoaldea.

Abenduaren 2an, ostegunez, Zumaiako San Juan egoitzan izango dira Jon Maia eta Amaia Agirre bertsolariak. Aurtengoa Adin Adin programaren seigarren edizioa izango da, eta Gipuzkoako hamabost adinekoen egoitzatan izango dira bertso saioak.

Hastear da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean antolatutako Adin Adin programaren seigarren edizioa. Iaz, COVID-19aren pandemia tarteko ezin izan zuten egitasmoa egin, baina aurten hainbat neurri hartuta gauzatu egingo dute. Hala azaldu du Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak: "Egoiliarrek txertoaren hirugarren dosia jasoa dute, eta egoera epidemiologikoa iazkoa baino nabarmen hobea den honetan, bertso saioei berriro ekitea erabaki dugu".

Gipuzkoako adinekoen hamabost egoitzatan izango dira bertso saioa, egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko eta bertsoaren bidez pertsona horien gaitasuna sustatzea xede. Gaur izango da lehenengo saioa Tolosan, eta azkena abenduaren 2an, Zumaian. Zumaiako San Juan egoitzako saioan bi bertsolari ariko dira kantuan: Jon Maia eta Amaia Agirre.

Adin Adin proiektua urtez urte "hazten" ari dela azaldu du Peñak, eta saio horiek duten garrantzia eta onura azpimarratu ditu. Proiektuaren bidez bertsolaritza egoitzetara iritsaraztea dela esan du, ahozkotasunak "terapeutikoki zein ludikoki" duen indarragatik. "Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen diete adineko pertsonei, eta iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie". Horrek sortzen duen "eragin positiboa" izan du hizpide diputatuak.