Suzko txoria gogoratuz eman du kontzertua Zumaiako Musika Bandak

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 15a, 08:52

The rise of the firebird izeneko kontzertua eman zuen atzo Zumaiako Musika Bandak, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Maiatzean eman behar zuen bandak kontzertu hau, baina osasun egoeragatik atzeratu egin zuen orduan.

Suzko txoriarekin gertatzen den moduan, Zumaiako Musika Bandak ere berpiztu nahi izan zuen maiatzean, pandemiaren une lazgarrienak atzean utzita, The rise of the firebird izeneko kontzertuarekin. Aurreikuspenak ezin izan ziren bete, eta kontzertua atzeratu behar izan zuten. Urte erdi geroago bai, kontzertua entzun ahal izan zen Zumaienako aretoan.

Kontzertu hau Xixiliren aitzakian emanaldi eta entzunaldi sortaren barruan sartzen da. Datozen egunotan ekitaldi gehiago izango dira musikarien zaindariaren eguna dela eta. 

  • Azaroak 17, asteazkena, 17:30ean Aita Mari zinean: Musika Eskolako entzunaldia.
  • Azaroak 18, osteguna, 17:30ean, Zumaienako erlauntzan: Musika Eskolako entzunaldia.
  • Azaroak 20, larunbata: 10:00etan, Zumaiako Txistulari Bandaren kalejira, Ubillos jauregitik aterata. 11:15ean San Juan Egoitzan, eta 12:00etan Otezurin jarraituta, San Pedro Abesbatzarekin kontzertu ibiltaria.
  • Azaroak 21, igandea: 11:00etan, Beheko Plaza Abesbatzak kantatutako meza, parrokian. 19:00etan, Alize Mendizabalen organo kontzertua parrokian.