Elene Mendizabal: "TikTok dantzarekin lotzen da, baina horren barruan mundu bat dago"

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 14a, 16:45

TikTok aplikazioko @elemelonsv erabiltzailearen atzean dago Elene Mendizabal zumaiarra. Euskara hutsez sortzen ditu edukiak, euskaraz bizi den heinean, "ez baitu zentzurik gaztelaniaz egiteak". Norvegian dago orain, eta bertako ibileren berri emateko erabiltzen du, besteak beste, modako aplikazioa.

Zer da TikTok bi hitzetan?

Dantzarekin lotzen da, baina mundu bat dago hor. Janaria interesatzen zaizula? Errezetak topatuko dituzu. Umorea, marrazkilaritza… dena. Azkarra eta dinamikoa da.

Eta mundu horietatik, zeintzuk ditu gustuko Elenek?

Umorezko bideoak, batik bat. Janariarenak ere ikusten ditut azkenaldian. Erasmus beka bati esker Norvegian nago, eta nire janaria prestatzeko errezetak bilatzeko erabiltzen dut aplikazioa.

Zuk zer eduki sortzen duzu?

Askotarikoak. Euskarazko telesaioen inguruko saioak egin izan ditut, esaterako: ETB1eko Goazen eta Baserria programen inguruan. Umorezkoak ere bai. Jendea identifikatuta sentitzen da eta iruzkinak uzten dizkit. Orain, Norvegian nagoenez, hemen bizitakoak kontatzeko erabiltzen dut.

Nola hasi zinen?

Vine aplikazioan izena eman nuen lehenbizi. Konfinamenduan nire kuadrillako batek egin zuen TikTok, eta bere bideoak ikusteko animatu nintzen ni ere, egin eta mundu hori arakatzera. Vine gogorarazten zidan. Gero, ni hasi nintzen bideoak igotzen.

Zer du ezberdina gainerako sare sozialekin alderatuta?

Ez da inoiz bukatzen edukia. Oso dinamikoa da, eta asko erakartzen nau.

Zer perfiletako jendeak dauka TikTok?

Aitona-amonak ikusi ditut, helduak semealabekin bideoak igotzen… Badirudi haurrek koreografiak egiten dituzten aplikazio bat dela, baina niri ez zait inoiz halako bideorik atera. Nire jarraitzaile gehienak oso gazteak dira, hala ere. Zein dira erreferenteak zuretzat? Julen Portillo zarauztarra asko gustatzen zait. Edukia gaztelaniaz sortzen duten kontuak ere jarraitzen ditut: Esperansa Grasian eta Iker Unzu, esaterako. Twitter ere erabiltzen duzu.

Uste duzu belaunaldi berriekin sareak erabiltzeko modua aldatu egin dela?

Nik Twitter erabiltzen dut trending topic zerrendak ikusteko, batetik; baina gertatzen zaizkidan gauzen inguruan idazten dut, eta nik jarraitzen dudan jendeak ere bai. Uste dut norberak bere iritziak emateko leku bat dela, eta ez hainbeste albisteen berri jakitekoa. Hala ere, egia da sareetan informazioa azkar partekatzen dela, eta lehenago iristen zaizkigula berriak bide horretatik telebistatik baino, adibidez.

Gazteek kalean elkartzeko eta sozializatzeko zailtasunak izan dituzte azken hilabeteotan. Sareetan bilatu dute topatzeko lekua?

Sare sozialengatik ez balitz, asper-asper eginda egongo ginateke konfinamendu garaian. Ezin dut sare sozialik gabeko gizarterik irudikatu, egia esan.

Euskaraz sortzen duzu edukia. Hautua izan da?

Nik garai batean kontsumitzen nuen eduki ia guztia gaztelaniazkoa zen TikToken. Behin euskaraz egindako bideo bat igo nuen, eta espero ez nuen arrakasta izan zuen. Orduan konturatu nintzen euskalduna naizenaz geroztik euskaraz kontsumitzea gustatzen zaidala, eta gainerako euskaldunei ere bai. Ordutik euskaraz egiten dut. Euskaraz bizi naiz, eta ez du zentzurik gaztelaniaz egiteak. Jendea gauza bera egitera animatu nahiko nuke.