Kontzertua emango du Zumaiako Musika Bandak igandean Zumaienan

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 12a, 11:00

Xixiliren aitzakian izeneko kontzertu sorta bueltan da aurten. Igande honetan izango da lehen emanaldia, Zumaiako Musika Bandaren eskutik.

Musikarien zaindaria gogoan izango dute aurten ere herrian munduan aritzen diren lagunek. Iazko hutsartearen ondoren, bueltan da Xixiliren aitzakian izeneko emanaldi sorta. Igandetik igandera bitartean, hilaren 14tik 21era arte, kontzertuak eta entzunaldiak egingo dira herriko leku desberdinetan. Kasu hauetan ez da aurretik gonbidapenik hartu beharrik izango. 

Hasteko, datorren igandean, azaroaren 14an, Zumaiako Musika Bandak The rise of the firebird izeneko kontzertua eskainiko du Zumaiena aretoan. 18:30ean hasiko da saioa, eta Joxean Pascual izango du zuzendari lanetan. Kontzertu hau maiatzean eman behar zuen Bandak, COVID-19aren ondorengo ibilbide berriari ekiteko. “Horregatik jarri genion izenburu hori kontzertu honi, The rise of the firebird, Suzko txoriaren jaikitzea, txori hau beti berpizten delako”, dio Joxe Mari Azkuek, Bandako zuzendariak. Bandarentzako berriak diren lanekin osatu dute programa: “bandentzako musika egiten duten konpositore garrantzitsuen lanak dira, eta ukitu garaikideak eta klasikoak dituzten lanak uztartuko ditu bandak”.

Hurrengo emanaldiak

Azaroak 17, asteazkena, 17:30ean Aita Mari zinean: Musika Eskolako entzunaldia.

Azaroak 18, osteguna, 17:30ean, Zumaienako erlauntzan: Musika Eskolako entzunaldia.

Azaroak 20, larunbata: 10:00etan, Zumaiako Txistulari Bandaren kalejira, Ubillos jauregitik aterata. 11:15ean San Juan Egoitzan, eta 12:00etan Otezurin jarraituta, San Pedro Abesbatzarekin kontzertu ibiltaria.

Azaroak 21, igandea: 11:00etan, Beheko Plaza Abesbatzak kantatutako meza, parrokian. 19:00etan, Alize Mendizabalen organo kontzertua parrokian.