'Kantu bat gara' aurkeztu du Jon Maiak, haren kantugintzaren ibilbidea jasotzen duen disko liburua

Baleike 2021ko aza. 12a, 13:30

Donostiako Aratz erretegian aurkeztu du Maiak hamahiru abestiren bertsioak jasotzen dituen lana. Diskoa grabatu duen taldearekin aurkezpen kontzertuak emango ditu Donostiako Victoria Eugenian, Bilboko Arriagan eta Zumaiako Zumaiena Ikastetxeko aretoan.

Azken 30 urteotan 170 kantu inguru idatzi ditu Maiak musika hainbat talde, abeslari eta musikarirentzat. Kantugintzan egindako ibilbidea jasotzen duen disko liburua aurkeztu du gaur zumaiarrak, Donostiako Aratz erretegian. 

Kantu bat gara izenburupean bildu ditu hamahiru abestiren bertsioak. Musikari eta kolaboratzaile andana izan du bidelagun: Nacho Soto (piano eta teklak), Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (biolontxeloa),  Sampling Squad (Kimo eta Xerkan), Gari, Asier Etxeandia, Mikel Urdangarin, Eire Maia Manterola, Juan SA, Xabier Amuriza, Aiora Zulaika ‘Pirritx’, Antxon Latxa eta Aire ahizpak eta Maite Mutuberria (ilustrazioak), besteak beste. Maiak azaldu du “prozesu ederra” izan dela proiektu hau, eta “amets bat” dela disko liburuan jasotzen duena. 

Izan ere, zumaiarraren hitzetan, gaztetan entzuten zituen ahots horiek dira gero berak idatzitako kantuak abestu dituztenak. “Kantugintzari gorazarre” egin nahi izan dio azken hilabeteotan ondutako lanean: “Formatu artistiko asko izan arren, niretzat kantugintza da ederrena. Duela milaka urtetik dator, eta hori formatu gutxik esan dezakete; kantuak hitza beste estadio batera darama”. 

Diskoa grabatu duen taldearen laguntzarekin emanaldiak emango ditu orain. Donostiako Victoria Eugenian aurkeztuko du lana abenduaren 29an, Bilboko Arriagan urtarrilaren 6an, eta Zumaiako Zumaiena Ikastetxeko aretoan urtarrilaren 7an.