'Amua' antzezlanerako sarrerak zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean

Baleike 2021ko aza. 13a, 09:00

Axut! antzerki taldeak 'Amua' izeneko antzezlana aurkeztuko du Zumaian azaroaren 19an. Udaleko Kultura Sailak bi sarrera bikoitz eman dizkigu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko. Saridunen izenak datorren astelehen eguerdian aterako ditugu. 

Maite Larburu, Manex Fuchs, Ximun Fuchs dira antzezlan honetako aktoreak. Emanaldia datorren ostiralean, hilaren 19an izango da Aita Mari aretoan, 20:00etatik aurrera. 

Hemen dago zozketan parte hartzeko aukera. Saridunen izenak astelehen eguerdian aterako ditugu.

Sinopsia

Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura eta hezkuntza alde batera uzteak, asteburu bakar batentzat bada ere, barne kalapita galantak eraginen ditu. Oihan basatia, oreinak eta onddoak tarteko, bakoitzak pentsatzen duenaren, erraiten duenaren eta egiten duenaren arteko distantziak pertsonaiak biluztuko ditu. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela errana izan zaigu hainbatetan, baina maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?.