Pista ere hastera doa

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko aza. 10a, 08:18

Otsailean errepideko denboraldia hasiko da, baina aurredenboraldi honetan ez da giro! Ziklo krosa bete betean, pista hastera doa eta txikienek BTT elkarretaratzeekin estreinatu dute 21-22 denboraldia. Aitor Oleagak, berriz, 21ari amaiera eman dio erlojauren aurka bederatzigarren sailkatuz paraziklismoko Espainiako txapelketan.

Datorren larunbatean pistako denboraldia abiatuko da Gipuzkoan. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek kadete mailan parte hartuko dute; hiru ordezkari izango ditu taldeak: Lizar Tolosa (2. urtea), Beñat Sainz eta Iker Eizagirre (1. urtekoak). Pandemia dela eta, urte bat zurian pasa eta pistan batere eskarmenturik gabe estreinatuko dute denboraldia: schratch, tempo eta puntuaketa lasterketekin.

Ziklo krosean asteburua gogorra izan da: lokatzak eta Espainiako Kopako mailak gogotik gogortu dituzte karrerak. Legazpin eta Trapagan nahi baino askoz ere atzerago sailkatu ziren Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak, baina egia da erorikoak, matxurak, denetik izan zituztela; ziklo krosaren ezaugarri guztiak  eman ziren. Legazpin 27. sailkatu baldin bazen Mattin Salegi, Laudion 52.a izan zen eta Karrantzan 65.a; Andde Etxaniz eta Eneko Aranguren ondoren helmugaratu ziren, baina kasu guztietan lehenengoarengandik oso urrun denboran. Heiko Mateosek kolpea jaso zuen Laudion, eta ordaindu egin zuen Karrantzan, nahiz eta karrera bukatu. 

Kadete mailan, Anuk Gogenolak ere lanak izan zituen lokatzetan orekari eusten, eta Legazpin 32. eta Trapagan 40. sailkatu bazen ere, Laudion 78. sailkatu zen, oso oso atzean. Erori arren jaiki birritan eta lasterketa bukatzea lortu zuen.

Asteburu honetan Beasainen Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira.

Infantil eta alebinak ere martxan dira. Oiartzunen, igandean, txikienek elkarretaratzea izan zuten BTTn. Lokatzez jantzitako zirkuitoan, eta ibilbidean gora eta behera, aurrera eta atzera ibili ziren, bizikletaz gozatuz. Aurten errepidea bakarrik ez BTT, trialsin, CX, eta pista ere probatuko dute Zumaiako Txirrindulari Elkarteko alebin eta infantilek.

Bestalde aste honetan jada ofizial egin dituzte 2022rako beren plantillak Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak, Baque eta Eibar Hiria afizionatu taldeek. Ekipo horietan izango dute lekua Viveros San Anton-Exclusivas Mardutik pasatu diren lau juniorrek: Aitor Agirrek Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko mailota jantziko du, Kimetz Etxabkek Baquekoa, eta Enaitz Garaik eta Ander Altunak Eibar Hiria-Debabarrena taldekoa. Laurek entrenamenduei dagokienez hasi dute aurredenboraldia.